Errigoraren udaberriko produktuak eskuragai daude, hilaren 20ra arte
'Zubi bat sukaldera' izena dauka kanpainak, eta Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra eta kontserba sortak daude aukeran. Eskerak Internet bidez ere egin ahal diraBosgarren urtez jarraian, abian dago Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik esk...
‘Zubi bat sukaldera’ izena dauka kanpainak, eta Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra eta kontserba sortak daude aukeran. Eskerak Internet bidez ere egin ahal dira
Bosgarren urtez jarraian, abian dago Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina. Aurten Zubi bat sukaldera leloa jarri diote kanpainari, eta eskaerak egiteko epea hilaren 20an amaituko dela iragarri dute. Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra (5 litroko bidoietan) eta kontserba sortak (12 ontzi produktu bakoitzeko) daude aukeran; produktu ekologikoak eta ez ekologikoak.Kanpainak kontsumo ohituretan eragitea du helburu. Hala, oraingoan ere, udazkeneko kanpainan dastatutako produktuak «prezio zuzen eta erakargarrian» urte osorako eskuratzeko aukera eskaini nahi izan du Errigorak.
Eskaerak egiteko bide desberdinak daude: Internet bidez (www.errigora.eus) edo eskuorri bidez. Eskuorrien bidez eskaerak aurkezteko Euskal Herri osoan 140 gune daude 70 herritan banatuta. «Eskaerak egiterakoan aukeratu beharko da non jasoko diren produktuak».
Epeak eta produktu motak
Oliba olioa apirilaren 9tik 20ra bitartean banatuko dute, eta kontserba sortak, berriz, maiatzaren 31tik ekainaren 12ra bitartean. Horrenbestez, ordainketa ere sasoi ezberdinean egin beharko da: oliba olio birjina estra apirilean ordaindu beharko da, eta kontserba loteen ordainketa ekainaren hasieran egin beharko da.
Iaz modura, aurten ere oliba olio birjina estra (5 litroko bidoia), oliba olio birjina estra ekologikoa (5 litroko bidoia) eta olio barietate sorta (arroniz ekologikoa, arbekina ekologikoa, pikual konbentzionala eta enpeltre konbentzionala 5 litroko 4 bidoi) eskatu ahalko dira. Kontserbei dagokienez, 14 produktu daude aukeran.
Lau urtean lortutakoa
«Joan den urteko kanpainaren emaitza onak ikusita, aurten ere eskaintza bera mantendu dugu, eta ekoizleak ere iazkoak dira. Prezioari dagokionez, iazko berak dira, hainbat produkturen prezioak merkatuan gora egin badu ere».
2014. urtean hasi zen Errigora Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainarekin. Eta lau urtean, eskatzaileak, ekoizleak eta abar nabarmen igo direla diote. 2014an, esaterako, 1.500 kontsumitzailek bat egin zuten kanpainarekin, eta iaz 6.000 izan ziren. «Ekoizleak ere 4 izatetik 14 izatera pasatu dira, eta 30 herritik 66ra jauzi egin dugu».
2014. urtean 30.000 litro olio banatu zituzten, eta, iaz, 86.500. Kontserba ontziei dagokienez, 50.000 banatzetik 208.000 banatzera pasatu dira.
HITZA-k zozketa egingo du
Errigorarekin elkarlanean, produktu sorta bi (konbentzionala eta ekologikoa) zozkatuko ditu HITZA-k harpidedunen artean. Zozketa martxoaren 12tik 15era egingo da, eta irabazleen izenak hilaren 16an argitaratuko ditugu.
Zozketan parte hartzeko, ondoko telefono zenbakira deitu behar da: 94-684 4436.