Ekaitz Goienetxeak Zaldi mamarroa eleberria kaleratu du, Igartza bekaren bitartez. 80ko hamarkadan heroinak herri batean izan zuen eragina kontatzen du liburuak
Ekaitz Goienetxea Cereceda (Miarritze, 1982) Bermeoko bizilagunak Igartza Saria jaso zuen 2016an,
Karramarroa trostan izeneko eleberri proiektuagatik. Proiektu hori, orain,
Zaldi mamarroa eleberri bihurtu du, eta kalean dago jada.
Lehenengo eleberria daukazu esku artean. Ilusioa egiten al du?
Bai, eta arraroa ere egiten da norberaren izena azalean idatzita ikustea; ispilu efektu arraroa egiten du. Oso gustura, hala ere. Lan handia eman zidan iaz.
Lehenengo, proiektu bat aurkeztu zenuen Igartza Sarietara, eta zurea aukeratu zuten.
Bai, baina sariketara aurkeztutako proiektuan lan handia zegoen egiteko, hasierakoa baino ez zen. Bekarako lanak, gainera, 2016ko uda hasieran aurkeztu genituen, eta sariduna irailean eman zuten jakitera. Uda lanpetuta igaro nuen Talako Kantinan, eta ahaztuta neukan. Epaimahaiak
Karramarroa trostan izeneko nire eleberri proiektua aukeratu zuela esan zidatenean, hortaz, pozik jarri nintzen, baina sustoa ere hartu nuen. Berriro heldu behar nion aurkeztutako lanari.
Aurkeztutako proiektu harekin zerikusia al du liburuak?
Antzekoa da. Aurkeztu nuen proiektua abiapuntua baino ez zen. Geroago hasi nintzen zenbait elkarrizketa egiten, eta hortik material berria eduki nuen esku artean. Gerora, hori guztia batu eta forma eman behar izan diot liburuari. Gainera, nahiko potolo geratu da.
Eta zer kontatzen du Zaldi mamarroak?
Fikziozko eleberria da, eta 80ko hamarkadan heroinak herri batean edo herri horretako pertsona batzuengan izan zuen eragina kontatzen du. Hala ere, gaur egungo ikuspegitik kontatzen da istorioa. Liburuko pertsonaiei sasoi hartako oroitzapenak datozkie burura edota iritziak elkarbanatzen dituzte. Ikuspegi ezberdinak jorratzen dira, gainera. Kapitulu bakoitzak pertsonaia nagusi bat dauka, baina, era berean, hari nagusia ere badauka; pertsonaietako bat: Izaro. Bere gurasoak heroinazaleak izan ziren; eleberrian 23 urte dauzka. Orduan, liburuan agertzen diren gainontzeko pertsonaiei sasoi hartako oroitzapenak etortzen zaizkie burura Izaro ikusterakoan.
Datu errealak eduki dituzu esku artean eleberria idazterako orduan?
Ez ditut datu larregi esku artean eduki, eta liburua ez da ez dokumentala ez eta alderatutako datuekin egindakoa. Baina bai bada orduko errealitatea kontatzen duen liburua; bizipenak, oroitzapenak, sentsazioak…kontatzen dira. Fikziora eroandako errealitatea da liburuaren abiapuntua.
Testigantzak badaude, hortaz.
Bai. Sasoi hartan oso ume nintzen, eta nik neuk neure aldetik ez daukat zer kontatu. Hortaz, besteek esateko daukatena entzun dut liburua idazteko materiala edukitzeko. Grabagailua mahai gainean jarrita, sei lagunekin batu naiz, adin eta ikuspegi ezberdinetako herritarrekin. Ondoren, inguruko jendea ere hurbildu zait, bazekitelako zertan ari nintzen lanean, eta informazio jasotzeko balio izan dit. Batzuetan, gainera, gaiari buruz ez, baina itsasoko gauzei buruz ere galdezka ibili naiz, agertokiren bat itsasontzi batean kokatu beharra eduki dudanean, esaterako. Ez naiz inoiz ontziratu, orduan, istorioa kontatzeko zenbait gauza jakin behar nituen.
Itsasoak orduan badauka lekua liburuan.
Bai, izan ere, heroinak hondamena ekarri zuen Euskal Herriko herri askotara. Bermeok, berriz, berezitasun bat dauka, eta itsasoa da. Sasoi hartan, arrantzontzietan izan ezik, zaila zen lana aurkitzea. Orduan, herri honetan, orduko gazteek dirua zeukaten, beste herri batzuetan normala ez zena. Eta horrek eragin handia izan zuen. Askotan entzun dut droga itsasotik etorri zela, eta jendeagaz berba egin ostean, droga itsasotik ez zela etorri ondorioztatu dut. Itsasotik etorri zena dirua izan zen, eta diruak erraztasuna ematen zuen drogak lortzeko.
Garai horiek hobeto ulertzeko balio al izan dizu liburuak?
Bai, orain, gainera, lehen baino hurbilago sentitzen dut, atzo izan balitz moduan. Eta, berez, atzo da. Aldaketa handiak egon dira gauza batzuetan, baina beste batzuetan ez horrenbeste. Teknologia, esate baterako, asko aldatu da, baina bizioak, parrandak eta informazio falta esango nuke antzekoak direla. Egia da, orain, heroina ez dela xiringagaz kontsumitzen, baina heroinak jarraitu egiten du, erre egiten da. Lan hau egin ostean, gauzak asko aldatu ez diren sentsazioa daukat.
Liburu bat kalean izateak beste baterako gogo handiagoa ematen du?
Nekatu egiten du, edo ni, behintzat, pilo bat nekatu naiz. Ez nago hurrengo liburu batean pentsamenduan. Pisu bat kendu izanaren sentsazioa daukat, amaitu dut. Buruko min handia eman dit. Orain, tarte batean, burua argitu gura dut, literaturatik bai, behintzat.
Gabriel Aresti ipuin sariketa ere irabazi zenuen. Horrelakoetara aurkezten jarraitzen al duzu?
Ez, ez da sarri egin izan dudan gauza bat. Azken bost urteetan, zortea eduki dut, eta lau gauza ondo atera zaizkit. Gabriel Aresti ipuin lehiaketara narrazio bi aurkeztu nituen, eta biak saritu zituzten. Euretariko bat, hala ere, bost urte arinago idatzitakoa zen, eta beste sariketa batzuetara aurkeztutakoa eta aipamenik jaso barikoa. Orduan, ez dakit zortea den edo epaimahaiaren arabera izaten den.
Proiekturen bat buruan?
Momentu honetan, literatura eta fikzioa alde batera utziko ditut. Hala eta guztiz ere, beste hainbat saltsatan ibiliko naiz, ziurrenik. Zerikusi handiagoa daukate orain, Talako Kantinagaz eta artisau garagardoagaz, eta hori ere bada sormenezko lana. Ez naiz geldik egotekoa.