Emozioz beterikoa eta jendetsua izan da Gernika-Lumon Emakumeen Eguna ospatzeko egindako goizeko ekitaldia. Andrazko gazteak, nagusiak, umeak, irakasleak, ikasleak… batu dira emakumeen lana balioan jartzeko eta beraien eskubideen alde borrokatzeko. Asko izan dira planto egin dutenak; kolore morea jantzita emakumeek bizi duten errealitatea agerian utziz.
12:00etan
kalejira girotua egin da herrian, eta bi zutabe atera dira; bat institututik, eta bestea, Kaltzada egoitzatik. Bi zutabeek merkurion egin dute bat, herritarrak bertan elkartuz. Emakumeen alde, berdintasunaren alde eta injustizien kontra oihukatu dute bertara gerturatutakoek, “gora borroka feminista” esaldia behin eta berriz errepikatuz. Hala ere, asko izan dira oihuka salatutakoak.
Institututik atera den zutabean ikasleen presentzia nagusitu den arren, asko izan dira zutabera gehitutako irakasle zein herritarrak. “Hezkuntza emakumeen historia itsutuz” esaldia eraman duen pankarta eskuan hartuz, kalejiran abiatu dira merkuriora. Bide erdian baina, Gernika-Lumoko Udaletxe aurrean, geldialdia egin dute. Bertan,
Don Telloren monumentuari amantala jarri diote eta kolore moreko bengalak piztu dituzte. Txalo hartean hartu dute momentu hori emakumeek.
Bitartean,
Kaltzada egoitzan, txalo artean hartu dituzte bertako
langileak. Momentu oso hunkigarria izan da. Egunero-egunero zaharren zaintzan egiten duten lana goraipatu eta eskertu diete. “Gaur ez dugu zaintzarik oparituko. Entzun gaitzatela mundua gelditzera goaz; mundua martxan jartzeko”, adierazi dute.
Zahar etxeko langileekin ordu laurdeneko elkarretaratzea egin dute, eta ondoren kalejiran abiatu dira Merkuriora. Baina, hara heldu aurretik, Juan Kaltzada kaleko
Aldi Baterako Laneko Enpresa baten aurrean egin dute geldialdia. Emakumeen lan arloan bizi duten prekarietatea salatu dute. “Sistema honek gure burujabetza ekonomikoa oztopatzen jarraitzen du. Bigarren mailako soldatekin zigortzen gaituzte, aldi baterako eta lanaldi partzialeko kontratuen bidez. Baina, era berean, horrek guztiak gure bizitza pertsonala, soziala eta politikoa bateratzea eragozten duen gurpil zoro batera bultzatzen gaitu. Sistema honek indarkeria ekonomikoagaz jazartzen gaitu”.
Merkurio parean bi zutabeek bat egin duten unea ere emozioz beterikoa izan da.
Merkurioko ekitaldia. Zutabeak elkartu, eta eserita egon dira eguerdiko ekitaldi nagusia hasi arte. Gero, Onintza Enbeitak bertsoa bota ostean, performance bat irudikatu dute. Bertan, emakumeek egunerokotasunean jasaten dituzten
eskubide urraketak eta diskriminazioak irudikatu dituzte.
Emakumeen ahots ezezagunek esperientzian oinarritutako bizipenak entzuten ziren bitartean egin da performance-a. Adi-adi jarraitu dute ikuskizuna bertaratutakoek eta txalo artean, emakumeen berdintasunaren alde oihu eginez bukatu dute Emakumearen Egunaren goizeko ekitaldia.
Ikasleek, atzerritarrek, etxeko langileek, nagusien zaintzan aritzen diren langileek, eta oro har, emakumeek bizi duten errealitatea islatu dute Gernikan. Arratsaldeko manifestaziora “bakoitza beste 10 lagunekin” hurbiltzeko deia egin dute.
Manifestazioa 20:00etan aterako da Merkuriotik.
Goizeko argazkiak ikusteko sakatu hemen:
Martxoak 8.