Gora borroka feminista! Hori da gaurko aldarri nagusia. Emakumeen Nazioarteko Egunean, Euskal Herriko mugimendu feministak planto egitera deitu ditu emakumeak, eta hala egin dute. Bermeoko emakumeek zarata atera gura zuten gaur antolatutako mobilizazioetan eta lortu dute.
“Arrakastatsua” izan da deialdia, bi zutabeak kontuan hartuta,
1.300 lagun baino gehiago batu dira. Kontserberetako langileak, dendariak, udaleko langileak, ikasle eta irakasleak, etxez-etxeko langileak, sindikalistak, jubilatuak… “argi eta ozen” esan dute planto egiten dutela.
Emakume guztiak mugitzeko eguna da gaur.
Goiko Plazatik atera den kalejira
Emakumeak ziren gehienak, adin guztietakoak zeuden gainera, baina emakumeei babesa eman asmoz, kalejiretan eta amaierako ekitaldian parte hartu duten gizonezkoak ere egon dira, gazteak zein helduak.
11:00etan jarria zeukaten ordua, eta hala atera dira. Goiko Plazatik abiatu da kalejirarik jendetsuena, eta Salicatik bestea. Bigarren honetan jende gutxiago zegoen, baina kontserberatako langileak danbor hotsekin eta zaratatsu iritsi dira Ataldera; han batu dira bi zutabeak, eta ibilbideari ekin diote batera. Lamerara iritsi orduko, Taraskan gelditu dira, eta Taraska ere morez jantzi dute gaurkoan, bai eta lore sorta bat jarri ere.
Kontserberetako langileak zaratatsu ibili dira
Lameran egin dute amaierako ekitaldia. Harrituta zeuden deialdiaren
oihartzunagaz, “arrakastatsua” izan dela nabarmenduta. Kontserberetako ordezkariak azaldu zuen, “egon behar diren lekuan daudela”. “Badakigu nortzuk garen, zelakoak garen eta zelan gura dugun gu tratatzea”, esan du.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek ere hitza hartu du kioskora igota. “Harro” sentitzen dela esan du: “Bermeoko emakumeak kalera atera gara. Berdintasuna legeetan eta paperetan erraz ikusten da, errealitatean, hala ere, desberdintasunak oraindik nabarmenak dira: soldatetan, baldintzetan, etxeetan… emakume denak kalera atera dira gaur, denak daukatelako zer esana”. Nabarmendu du, gainera, zaila izaten dela horrenbeste jende batzea. Hala, alkatearen arabera, gaurkoan ikusi da “herria eta mundua aldatzeko indarra, gogoa eta ilusioa” dagoela.
13:00etan, ekitaldia gelditu beharra eduki dute. Antzinako kofradia zaharreko sirena hotsarekin batera, minutu bateko isilunea egin dute, hildako emakume guztien omenez. Indarkeriari aurre egiteko, gainera, baliabide publiko gehiagoren beharra dagoela esan zuten.
Ondoren, Maite Alvarezek berba egin du Sorginorratz Bermeoko talde feministaren izenean, eta gaurko greba “aurrerapauso handia” dela gogorarazi du, “emakumeok egiten dugun lana agerian uzteko”. Hala, beste behin nabarmendu du, “emakumeak gelditzen badira mundua gelditu egiten dela”.
Grebaren arrazoiak ere gogorarazi ditu: “Eredu ekonomiko honek zapaltzen gaituelako, indarkeria matxistak jipoitzen gaituelako, arrazakeriak akatzen gaituelako eta kultura patriarkalak baztertu, objektu bihurtu eta estereotipatzen gaituelako”.
Hemen argazki galeria