Zuhaitz eta Txitxiburduntzi eguna Mendatan, domekan
Mendatako Udalak familientzat plan bikaina prestatu du domeka goiz eta eguerdirako.
Hain zuzen, mendatarrentzat urteroko hitzordu berezienetakoa bihurtu da zuhaitzak landatu eta txitxiburduntzia egiteko eguna, eta urtero-urtero jendetza batzen da.
10:30ean Artape aurrean elkartuko dira, eta handik Kalbariora joango dira. Bertan, aurreko urteetan landatutako arbolak bisitatu, eta berriak landatuko dituzte.
Ondoren, 12:00ak aldera hasita, taloak egingo dituzte, Taberna Barrin. Ordurako sua piztuta izango dute, behin brasa eginda dagoenean zotzekin txorizoak erretzen joateko. Herritarrek zotzak etxetik eroan beharko dituzte.
Hala, taloak egin ahala erreko dituzte, gero txingarretan egindako txorizoekin dastatzeko.
Taloak egiten laguntzeko jendea beharko dutela adierazi dute udaletik, eta aldez aurretik denen laguntza eskertu dute.
Ohiturei eutsiz, umeek, gurasoek, aiton-amonek… mendatar denek parte hartzea da udal ordezkarien helburua: “Txerrikia txingarretan egiteko zotzak eta ondo pasatzeko gogoa ekarri. Beste guztia guk jarriko dugu. Etorri eta parte hartu”.