Gernika KESBek Martxoaren 8ko mobilizazioekin bat egin du
Klubaren Zuzendaritza Batzordea atzo bildu zen, eta Emakumeen Nazioartearen Egunerako deituta dauden geldialdi eta mobilizazioekin bat egitea onartu zuten, aho batez.
Bihar planto egingo du klubak, eta 20:00etan Merkurio paretik abiatuko den manifestazioan egongo direla jakitera eman dute; jokalari guztiak, entrenatzaileak eta zuzendaritza taldeko ordezkariek parte hartuko dute, eta bazkideak ere bertaratzera animatu dituzte.
Modu berean, Gernika-Lumoko Udalbatzak otsailaren 28an onartutako adierazpenagaz bat egin du.
“Kirol arloan emakumeen lekua aldarrikatu nahi dugu, eta soldatetan, laguntzetan, komunikabideetan eta beste hainbat arlotan bizi dugun desberdintasun itzela salatzen dugu”. Horrekin batera, emakumezkoen ligak liga profesional moduan ez hartzea kritikatu dute, bai eta hitzarmen kolektiboan zein kirolean lan eskubide falta.