Eguneroko lanari, kale
Leiho eta balkoietan amantalak eskegitzeko eta soinean kolore morea eroateko dei egin dute. Kultura patriarkalak andreak «baztertu, objektu bihurtu eta estereotipatu» egiten dituela salatuko dute biharMartxoaren 8a berezia izango da. Emakumeen Nazioa...
Leiho eta balkoietan amantalak eskegitzeko eta soinean kolore morea eroateko dei egin dute. Kultura patriarkalak andreak «baztertu, objektu bihurtu eta estereotipatu» egiten dituela salatuko dute bihar
Martxoaren 8a berezia izango da. Emakumeen Nazioarteko Egunean, Euskal Herriko mugimendu feministak planto egitera deitu ditu emakumeak, «menpean hartzen eta zapaltzen dituen sistema kapitalista, arrazis- ta eta heteropatriarkala salatzeko». Hala, sindikatuek lau edo bi orduko lanuzteak egiteko eskatu dute.Emakumeok planto! aldarrikapenagaz bat egin, eta bihar amantalak leiho eta balkoietan eskegitzera deitu dute. Era berean, morez janztera animatu dituzte emakumeak.
Bermeon eta Gernika-Lumon, esate baterako, belaunaldi eta sektore desberdinetan lan egiten duten andreak elkartu, eta denen artean mobilizazioak adostu dituzte biharko. «Planto zaratatsua» izatea gura dute, eta horretarako, kalera aterako dira. Manifestazio, kalejira eta ekitaldiak egingo dituzte, eta zarata egin asmoz, Berriatuan lapiko hotsa aterako dute.
Lekeition eta Markina Xemeinen, bestalde, emakumeen txokoak egongo dira, goizean zein arratsaldean.
Ondarroako Radixu irratiak ere biharko greba feministagaz bat egingo du; horregatik programazio berezia eskainiko du. Programazio berezi hori uhinetan ez dagoenean, Radixuk ez du ezer aireratuko, isilik egongo da. 21:00etatik 00:00etara, bi saio berezi eskainiko ditu: Kritikal Blues emakume bluserei buruzko irratsaioa eta Bon Vivant.
Zenbait ikastetxetan ere bat egingo dute plantoagaz, eta gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte 11:00etatik 15:00etara bitartean.
Eskubide urraketa
Eusko Jaurlaritzak greba feministaren egunerako ezarri dituen gutxieneko zerbitzuen berri eman zuen atzo. Eta gehiengo sindikalak errekurritu egin ditu, «neurriz kanpokoak» direla salatuz. ELA, LAB, Steilas, EHNE-Bizkaia eta Hiru sindikatuek adierazi dute ezarritako gutxieneko zerbitzu mailak «grebara atera nahi duten emakumeen eskubidea» urratzen duela.
Adingabeen egoitzetan, heziketa zentroetan eta etxebizitza komunitarioetan jaiegunetako gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte, eta ondorioz, sindikatuek diote egoitza horietan langile bakar batek ere ezin izango duela grebarik egin. Eta bereziki larritzat jo dute adinekoen egoitzetan ezarriko den gutxieneko zerbitzua. Orain arteko grebetan zerbitzuaren %50 ziurtatu dute, eta, bihar, zerbitzuaren %70 bermatzea erabaki du Jaurlaritzak.
Haur eskoletan zuzendari taldeko kide bat eta koordinatzaile bat derrigorrez lanean aritzea agindu du Jaurlaritzak. Baina haur eskoletan ez dago zuzendaritzako langilerik: «Kolektibook nagusiki emakumeek osatzen dituzte; euren greba eskubidearen kontrako eraso zuzena da».
Greba egiteko arrazoi asko daudela diote mugimendu feministek. Horien artean, arrazoi nagusi hauek azpimarratu dituzte: «Eredu ekonomiko honek zapaltzen gaituelako, indarkeria matxistak jipoitzen gaituelako, arrazakeriak akatzen gaituelako eta kultura patriarkalak baztertu, objektu bihurtu eta estereotipatzen gaituelako».
Hain zuzen, sistemak «feminizatutako ogibideak» ezkutatzen eta gutxiesten dituztela esan dute; hau da, bizitzaren «iraunkortasunagaz eta zaintzagaz» lotutako lanak sistemak ez dituela behar bezala balioan jartzen. Lan horietan dihardutenak sistemak «ikustezin bihurtu» dituela salatu dute.
Zehaztu dute andreek urtean gizonezkoek baino %7 gutxiago kobratzen dutela, eta etxeko langileen erdia baino gehiago emakumeak eta atzerritarrak direla.
Ezagutzan eta mundu akademikoan sistema «patriarkal eta androzentrikoa» nagusitzearen kontra agertu dira, «emakumeen ekarpen historikoak alboratzen dituelako, merkatuko premietara zuzendutako gaiak eta edukiak hobesten dituelako eta genero rolak auzitan jarri ez eta errotzen dituelako».
Politikarien batzarra
Gernika-Lumoko Batza Etxean euskal emakume hautetsien bigarren batzarra egin zuten zapatuan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alderdi politikoetako 200 emakume baino gehiago bildu ziren. Edurne Pasaban omendu zuten, bere ibilbide profesionala azpimarratuz. Bere lana eskertzeko iragana, gaur eguna eta etorkizunaren seinale den oparia eman zioten. Iraganaren seinale, Agirre lehendakariak babestu zuen haritzaren hostoa; gaur egunaren adierazgarri den egungo Gernikako Arbolaren beste hosto bat; eta ezkurra, etorkizunaren sinbolo modura.
«Elkartzeko, esperientziak trukatzeko, gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasunean aurrera egiteko eta pauso sinbolikoak eta eraginkorrak emateko» asmoa adieraziz eman zion hasiera ekitaldiari Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak.