Bermeoko EH Bilduk pentsioei buruzko solasaldia antolatu du
Datorren martitzenean izango da Nestor Basterretxea aretoan
Eh Bildu “bizitzaren kostu errealagaz bat datozen eta duinak diren pentsioen alde” dago. Eta, pentsioei buruzko informazioa eman asmoz, solasaldia antolatu dute. Martitzenean [martxoak 13] jarri dute ordua, 18:00etan, Nestor Basterretxea aretoan.
Leire Pinedo legebiltzarkideak eta Jose Felix Agilera pentsionisten elkarteetako kideak emango dituzte azalpenak.
Azken asteetan, pentsionista eta jubilatuak “pentsio duinak” aldarrikatzen ari dira. Espainiako gobernuak azken urteetan ezarritako pentsioen %0,25eko igoerak ez duela balio salatzen ari dira, eta herri asko eta askotan mobilizazioak egiten ari dira. Erosteko daukaten ahalmena gero eta txikiagoa dela diote, eta pobreagoak bihurtzen ari direla azaltzen dute.