Barikuan
18:30ean egingo dute Akordako tabernan. Eta Osoko Bilkuraz gain,
Herritarren Batzarra ere bertan egingo dutela jakitera eman dute. Izan ere, Akorda eta Merru auzoetako bizilagunentzat garrantzitsuak diren gaiak jorratuko eta onartuko dituzte.
Besteren artean,
Akordako errepidearen konponketa lanak izango dituzte hizpide, eta
Merru auzoko saneamendu sarea egiteko proiektua onartuko dute.
“Akordako bidea konpontzea aspalditik aurreikuisitako proiektua da. Foru bidea da, eta hainbat urteren ondoren, Aldundiak proiektua onartu, eta esleipen prozesuan dago”, azaldu du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak.
Akordako auzotarrei Bizkaiko Foru Aldundiak egindako proiektua erakutsi eta informazioa emango diete:“Auzo garrantzitsua da, eta udala hurbil badago ere, are gehiago hurreratu gura izan dugu”.
Gainera, azpiegitura lanen barruan,
Akordako plazako zati batean konponketa lanak aurten egiteko asmoa dauka udalak, eta horri buruzko zein bestelako gaiei buruzko herritarren iritziak bildu, eta euren proposamenak eta ekarpenak jasoko dituzte.
Bestalde, Ibarrangeluko Udalak
putzu septikoen katalogoa osatu du, eta orain putzu horiek garbitzeko lanak prestatzen ari da. Herriko putzu septikoen inbentarioa onartuko dute Osoko Bilkuran.
“Osoko Bilkuran iritziak eta aportazioak emateko tartea zabalduko dugu, lanok herritarren benetako eskaerei erantzun diezaien”, adierazi du Ziluagak.
Telletxea eta Urrutxua gogoan
Bestalde, barikuko Osoko Bilkura eta Herritarren Batzarra aprobetxatuz,
Juan Telletxea eta Domingo Urrutxua ibarrangelutarrak eta Matxitxakoko Batailan borrokatu ziren marinel guztiak omenduko dituzte Akorda auzoan, barikuan.
Urtero legez, udalak 2008an inauguratutako eskulturaren parean lore eskaintza eta ekitaldia egingo dituzte.