Zer izango duzue hizpide gaurko hitzaldi-solasaldian?
Espetxe politika aztertu, gaurko egoerari buruz hausnartu eta, batez ere, etorkizunerako, gaur hasi beharko lukeen etorkizunerako, hau da, garai berrirako espetxe politika berria irudikatuko dugu, pertsona guztien giza eskubideak errespetatu asmoz.
Argazkia: Ataria.eus
Garai berriak bizi ditugu, baina justizia aldetik begiratuta, garai berriak al dira? Alegia, garai berrietara egokitutako neurriak ezartzen al dira egun?
Argi dago orokorrean ez dela ari horrela gertatzen. Egon dira ebazpen batzuk non garai berri horiek kontuan hartu diren eta legea beste era batera aplikatu den. Egia esan, nire iritziz, legea beti aplikatu behar izan da berdin, baina ez da horrela gertatu. Une hauetan, nahikoa izango litzateke atzerapauso batzuk egiteagaz; hau da, indarrean jarri diren neurriak eta bere interpretazioa bertan behera uzteagaz.
Jendarteak uste du presoen egoera hoberantz joan dela garai berri honetan, baina praktikan hala al da?
Ez dirudi orokorrean presoen egoerak hoberantz egin duenik, nik dakidanez, behintzat. Baina posible da kasu batzuetan hala izatea. Argi dagoena da Gobernuak adierazi duela bere espetxe politika ez duela aldatuko ETA erabat desagertu arte.
Garai berririk etor daiteke espetxe politika aldatu barik?
Garai berri batean gaude: ETAren mehatxupean bizi izan da jende asko, eta gaur, zorionez, libre bizi dira horiek guztiak –ni barne–. Aldaketa hori nahikoa da garai berritzat jotzeko. Baina egia da batzuentzat, presoentzat, alegia, oraindik egoera ez dela aldatu, ez era nabarmenean, behintzat. Oraindik urrun daude, ehunka kilometrotara… eta horrek ez du elkarbizitza errazten.
Espainiak eta Frantziak ezartzen duten dispertsio politikaren antzekorik ezagutzen duzu beste herrialde batzuetan?
Ez, baina ez dut ezagutzen beste herrialdeetan egiten den espetxe politika. Ez ninduke batere harrituko horrelako politikak beste nonbait ere egitea. Baina horrek ez luke ezertan aldatuko espetxe politika horren hutsegitea.
Legea eskuetan, gaur egun badauka funtsik espetxe politikak?
Beti dago espetxe politika bat: hori da Gobernu batek espetxeekiko eta espetxeratuta daudenekiko dituen politika eta egitasmo multzoa. Beste gauza bat da egungo politikak ea baduen funtsik, eta nik uste dut ezetz.
Epaileek zein egiteko daukate politika horren eraginkortasunean? Badute ezer egiterik politika hori ez ezartzeko?
Espetxe politika Gobernuak gauzatzen du, eta Espetxe Administrazioaren esku dago; adibidez, non betetzen den zigorra, zein espetxetan… Baina beste kontu batzuk, baldintzapeko askatasuna, esate baterako, epaileen esku daude. Beraz, zigorrak betetzerakoan epaileen egitekoa funtsezkoa da.
Hainbat urtez eskubide urraketak gertatu izan dira familiekiko, presoekiko. Lege hori guztiz konpentsatzerik badago?
Urraketa horiek gertatu dira, bai, eta oraindik gertatzen ari dira, tamalez. Bidegabekeria da presoen senitartekoak horrelako egoeran aurkitu behar izatea. Eta, ez ahaztu, presoentzat ere bidegabea dela: niretzat birgizarteratzeko eskubidearen aurka doa.
Ustea da sakabanaketa politika, legeak… ez direla herritarren kontua. Baina badu zer egiterik gizarteak egoera aldatzeko?
Dena da gizartearen kontua. Azken finean, gobernuek eta parlamentuek erabakitzen eta arautzen duten guzti-guztia «gure izenean» egiten dute, gu ordezkatuz. Baina egia da, hemen, gizartearen zati garrantzitsu batek konpromiso handia daukala presoen egoeragaz. Berdin gertatzen da gure erakundeekin: Eusko Legebiltzarrak horrela adierazita dauka oso gehiengo zabal batez. Ez dakit ezta ere noraino den edo izango den eraginkorra herritarron eta erakundeen mobilizazioa, baina eragin zuzena izan beharko luke. Gobernuak entzun beharko lituzke dauden eskaerak eta argudioak.