Dia Ligaren liderrak ez du hutsik egin Malosten
Lointek Gernika Bizkaiak hamazazpi puntuko aldeagaz galdu du Perfumerias Avenidaren kontra. Zapatuan IDK Gipuzkoaren kantxa bisitatuko duLointek Gernika Bizkaiak 60-77 galdu zuen Perfumerias Avenidaren kontra, domekan. Hasierako 25 minutuetan eraginkor...
Lointek Gernika Bizkaiak hamazazpi puntuko aldeagaz galdu du Perfumerias Avenidaren kontra. Zapatuan IDK Gipuzkoaren kantxa bisitatuko du
Lointek Gernika Bizkaiak 60-77 galdu zuen Perfumerias Avenidaren kontra, domekan. Hasierako 25 minutuetan eraginkor aritu zen etxeko taldea; maila altuagaz, jarrera lehiakorra nagusitu zen. Lehen laurdenean, esaterako, defentsan zein erasoan bikain aritu zen.Hasierako boskotean, aurreko partiduetan ez bezala, Ariztimuño kantxaratu zuen Mario Lopez Lointeken entrenatzaileak. Titular izatea astero-astero egindako lanaren ordaina izan zen. Hori erakutsi zuen bilbotarrak; jokoa zuzentzen, saskiratzen nahiz defentsan lan bikaina egin zuen. Hala ere, Talia Caldwell izan zen hasierako protagonista. Alston ere gogotsu aritu zen. Partidua hasi eta sei minutu eta erdira, 16-9ko markagailuagaz aurretik ziren etxekoak, eta 21-11 amaitu zuten lehen laurdena.
Avenida deseroso hasi zen, bere lekua aurkitu ezinik. Baina bigarren laurdenean, Lointek huts egiten hasi zen, eta aurkariak ez zuen aukera galdu. 0-10eko partziala lortu zuen Salamancako taldeak, eta 2-15ekoa. Atsedenaldirako lau minuturen faltan, 23-26ko markagailuagaz, hutsartea eskatu zuen Lopezek. Hasierako eraginkortasuna falta zitzaien etxeko jokalariei. 32-33ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Defentsa hobetzeko helburuagaz ekin zion bigarren zatiari Avenidak. Erasoan ere zertarako gai den erakutsi zuen. Lointekeko jokalariek aurkarien huts egiteak aprobetxatu zituzten, baina hori ez zen nahikoa garaipena ziurtatzeko. 35-46ko markagailuagaz berriro ere hutsartea eskatu zuen Lointeken entrenatzaileak. Helburua argia zen: defentsa berregokitzea, erasoan ideiak argi edukitzea eta pista osoan presioa egitea.
Hamazazpi puntuko aldeagaz heldu ziren azken laurdenera (42-59). Avenidak errenta horri eutsi zion azken momentura arte. Markagailua iraultzeko aukerarik izan ez arren, etxeko taldeak sentsazio onekin amaitu zuen lehia.
Zapatuan, derbia
Lau partidu jarraian galdu ditu Gernika-Lumoko taldeak. 23. jardunaldia lehiatuko dute datorren asteburuan , eta IDK Gipuzkoaren kantxa bisitatuko du Lointekek. Zapatuan 18:00etan hasiko da bi euskal taldeen arteko partidua.