Dantzan, behar dutenen alde
Emakume, gizon, heldu zein gazte batu ziren zapatuan, Artza frontoian, dantza egiteko. Eutsi gogor, Danok batera eta Kate Sarea elkartearen aldeko jaialdi solidarioa izan zen. Tailerrak eta saiheski solidarioa ere egon ziren.Eutsi gogor, Danok batera p...
Emakume, gizon, heldu zein gazte batu ziren zapatuan, Artza frontoian, dantza egiteko. Eutsi gogor, Danok batera eta Kate Sarea elkartearen aldeko jaialdi solidarioa izan zen. Tailerrak eta saiheski solidarioa ere egon ziren.
Eutsi gogor, Danok batera proiektuaren eta Kate Sarearen aldeko zapatuko jaialdi solidarioak dantzan jarri zituen, beste behin, Bermeoko herritarrak. Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Eguna da otsailaren 28a, eta horren harira antolatu zuten aipatu jaialdia.Artza frontoian bildu ziren dantzan egiteko grina izan zutenak; emakume, gizon, heldu zein gazte. Guztientzako lekua egon zen. Hobeto edo okerrago egiteari garrantziarik eman barik, ondo pasatzeko aukera aprobetxatu nahi izan zuten.
Jaialdiak dantza egiteko aukera baino gehiago eman zuen. Txikitxoenek tailerretan parte hartzeko aukera ere izan zuten; goizean antzinako arrantzaleen kofradian, eta arratsaldean, Artza frontoian. Nekeak arintzeko, gainera, atseden hartu, eta jan-edanagaz gozatzeko aukera ere egon zen. Sabela betetzeko, saiheskia izan zuten dastagai, kofradia zaharrean.
Hasiera gogorra
Jaialdi solidarioaren helburuetako bat gaixotasun arraroak gizarteratzen jarraitzea izan zen, eta, era berean, ikerketarako eta familiei laguntzeko laguntzak ere jaso gura zituzten. Hala eta guztiz ere, Kate Sarea elkarteak bost urte egin dituela eta, elkarte horrentzat ere laguntza jaso gura zuten.
Kate Sarea elkarteko presidente Mirenlur Santiago jaialdiaren erantzunagaz «pozik» dago, eta jendeak «ondo» erantzuten duela aitortu du. Eguraldia, gainera, lagun izan zuten.
Kate Sarearen hasiera «gogorra» izan zela aitortu duten arren, «pozik» daude elkartearen ibilbideagaz. «Krisiaren eragina nabaritu genuen hasieran, eta, orain, badirudi egoerak hoberantz egin duela; beharbada, lan gehiago dago egun gazte eta nagusiagoen artean». Jendeak bizi dituen egoerak ikusita, Santiagok dio «orduan ohartzen zarela zorionekoa zarela». Eta hala sentiarazi gura dituzte gainontzekoak ere, beraien laguntza emanez. «Besteei laguntzea da pozbide handiena».