Bermeoko emakumeek eguenean planto zaratatsua egiteko deia egin dute
Antzinako arrantzaleen kofradiako sirenak eta elizetako kanpaiak jotzea adostu dute 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan. Bilbora joateko autobusa antolatu du Erroxape elkarteakEuskal Herriko mugimendu feministak deitutako grebagaz bat egingo dute Bermeo...
Antzinako arrantzaleen kofradiako sirenak eta elizetako kanpaiak jotzea adostu dute 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan. Bilbora joateko autobusa antolatu du Erroxape elkarteak
Euskal Herriko mugimendu feministak deitutako grebagaz bat egingo dute Bermeoko emakumeek ere. Planto egingo dute, eta planto hori zaratatsua izatea gura dute.Sektore askotako emakumeak batu dira planto egiteko deia egiteko, eta eguenerako prestatutako mobilizazioen berri eman dute. Argi daukate zarata atera gura dutela. Hala, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan antzinako kofradiako sirenak eta elizetako kanpaiak jotzea adostu dute.
Hiru ordu horietan minutu bateko isiluneak egingo dituzte, hildako emakumeak gogoan izateko. 11:00etan, beste alde batetik, Goiko Plazatik eta Salicatik aterata, kalejira zaratatsuak egingo dituzte, eta bi zutabeak San Frantzisko herri ikastetxe parean batuko dira, elkarrekin Lamerara abiatzeko. Zarata egiteko tresnak eroateko deia egin dute. Elkarretaratzean bilduko dira 13:00etan, Lameran.
Egun berean, ikastetxeetan, berdintasunagaz zerikusia daukaten gaiak landuko dituztela azaldu dute. Bestalde, abesti bat ere egin dute. Ana Martin Somokurtziok egin ditu letra eta musika, eta etzi aurkeztuko dute; 11:00etan, Goiko Plazan.
Greba egiteko modu asko
Greban parte hartzeko, gainera, modu asko egon daitezkeela esan dute; hortaz, «emakume eta kolektibo bakoitzak ikusiko du zelan egin dezakeen bat grebagaz». Jakin badakite emakume batzuek ezin izango dutela grebarik egin, hala ere, beste zenbait gauza egin daitezkeela argitu dute: amantala balkoietan eskegi, besoko morea jantzi, kartelak edota pankartak ipini…
Egunotan komunikazio ekintza ugari egiten ari dira emakumeak grebara deitzeko, eta hainbat lantokitan asanbladak egin dituzte. Eta, diotenez, emakume askok planto egiteko erabakia hartu dute. Hortaz, antolatutako mobilizazioak jendetsuak izatea espero dute. Eguenean, kolore morea janzteko deia luzatu dute.
Emakumeok greba egiteko «arrazoi ugari» dauzkatela azaldute Bermeoko emakumeek, «eta ez bakarrik arlo produktiboan».
Gazteak ere grebara deituta daudela gogorarazi dute, irakaskuntzaren bitartez, bai eta lan erreproduktiboan eta zaintza lanetan soldata barik lan egiten duten emakumeak ere; «emakume guztiak gaude planto egitera deituta», esan dute. Izan ere, emakumeen lan barik «mundua gelditu» egingo litzatekeela esan dute agerraldian: «Hori da argitara eman gura duguna. Ikus dadila zein beharrezkoa zaion gizarteari emakumeok egiten dugun lana, bai ordaindu bakoa, bai eta ordaindutakoa zein txarto ordaindutakoa».
Greba egiteko arrazoiak ugariak badira ere, lau arrazoi nagusi daudela nabarmendu dute: «Eredu ekonomiko honek zapaltzen gaituelako, indarkeria matxistak jipoitzen gaituelako, arrazakeriak akatzen gaituelako eta kultura patriarkalak baztertu, objektu bihurtu eta estereotipatzen gaituelako».
Greba lau ardatzen inguruan planteatu dute: lan produktiboan, zaintza lanetan, kontsumoan eta irakaskuntzan. Lanuzteak egiteko ordutegia ere gogorarazi dute; 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara.
Bilbora joateko autobusa
Erroxape Emakumeen Elkarteak, berriz, eguen arratsaldean Bilbon egingo den manifestaziora joateko autobusa antolatu du. 18:30ean aterako da Bermeotik, eta buelta manifestazioa amaitu ostean izango dela azaldu dute. Elkarteko bazkideak doan joan daitezke, gainontzekoek 4 euro ordaindu beharko dituzte. Gaur da izena emateko azkenengo eguna. Erroxapek Erreten parkean duen egoitzan eman daiteke izena, 18:00etatik 21:00etara bitartean, edo nahiago izanez gero, 94-605 84 44 telefono zenbakira deituta. Antolatzaileek espero dute autobus bat baino gehiago betetzea.