Euskal Herriko mugimendu feministak deitutako grebagaz bat egingo dute Bermeoko emakumeek ere. Planto egingo dute, eta planto hori zaratatsua izatea gura dute.
Mobilizazioak iragarri dituzte Martxoaren 8rako, eta horiek aurkezteko prentsaurrekoa egin zuten atzo arratsaldean.
Kabidxen egin zuten prentsaurrekoa
Sektore askotako emakumeak batu ziren prentsaurrekoan: kontserberetako delegatuak; herriko emakumeen elkarteko ordezkariak (Erroxape, Sorginorratz, Norez), ikastetxeetako ordezkariak, Haurreskolako ordezkaria, Bermeoko alkate Idurre Bideguren, etxez etxeko laguntzaileak, sindikatuak…
Emakumeok
greba egiteko “arrazoi ugari” dauzkatela azaldu zuten, “eta ez bakarrik arlo produktiboan”.
Gazteak ere grebara deituta daudela gogorarazi zuten, irakaskuntzaren bitartez, bai eta lan erreproduktiboan eta zaintza lanetan soldata barik lan egiten duten emakumeak ere; “emakume guztiak gaude planto egitera deituta”, esan zuten. Izan ere,
emakumeen lan barik “mundua gelditu” egingo litzatekeela esan zuten: “Hori da argitara eman gura duguna. Ikus dadila zein beharrezkoa zaion gizarteari emakumeok egiten dugun lana, bai ordaindubakoa, bai eta ordaindutakoa zein txarto ordaindutakoa”.
Greba egiteko arrazoiak ugariak badira ere,
lau arrazoi nagusi daudela nabarmendu zuten: “Eredu ekonomiko honek zapaltzen gaituelako, indarkeria matxistak jipoitzen gaituelako, arrazakeriak akatzen gaituelako eta kultura patriarkalak baztertu, objektu bihurtu eta estereotipatzen gaituelako”.
Greba lau ardatzen inguruan planteatzen da: lan produktiboan, zaintza lanetan, kontsumo greba eta irakaskuntza. Lanuzteak egiteko ordutegia ere gogorarazi dute; goizean,
11:00etatik 15:00etara, eta arratsaldean,
18:00etatik 22:00etara.
Modu asko. Greban parte hartzeko, gainera, modu asko egon daitezkeela esan zuten; hortaz, “emakume eta kolektibo bakoitzak ikusiko du zelan egin dezakeen bat grebarekin”. Jakin badakite emakume batzuek ezin izango dutela grebarik egin, hala ere, beste zenbait gauza egin daitezkeela argitu zuten: amantala balkoietan eskegi, besoko morea jantzi, kartelak edota pankartak ipini…
Egunotan komunikazio ekintza ugari egiten ari dira emakumeak grebara deitzeko, eta hainbat lantokitan asanbladak egin dituzte. Diotenez, emakume askok planto egiteko erabakia hartu dute. Hortaz, antolatutako
mobilizazioak jendetsuak izatea espero dute.
Zarata atera gura dute. Hala, a
ntzinako kofradiako sirenak eta elizetako kanpaiak jotzea adostu dute: 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan. Jarraian, hiru ordu horietan minutu bateko isiluneak egingo dituzte, hildako emakumeak gogoan izateko. Bestalde, 11:00etan, Goiko Plazatik eta Salicatik aterata kalejira zaratatsuak egingo dituzte eta bi zutabeak San Frantzisko herri ikastetxe parean batuko dira elkarrekin Lamerara abiatzeko.
Zarata egiteko tresnak eroateko deia egin dute. 13:00etan, elkarretaratzean bilduko dira, Lameran.
Ikastetxeetan, egun horretan, berdintasunarekin zerikusia dauzkaten gaiak landuko dituztela azaldu zuten.
Abesti bat ere egin dute. Ana Martin Somokurtziok egin ditu letra eta musika, eta datorren eguenean aurkeztuko dute; 11:00etan, Goiko Plazan.
Martxoaren 8an
kolore morez janzteko deia luzatu zuten atzo prentsaurrekoan batutako emakumeak.
Erroxape Emakumeen Elkarteak, berriz, arratsaldeko Bilborako
manifestaziora joateko autobusa antolatu du.
18:30ean aterako da Bermeotik, eta buelta manifestazioa amaitu ostean izango dela azaldu dute. Elkarteko
bazkideak doan joan daitezke,
gainontzekoek lau euro ordaindu beharko dituzte. Martitzenera arte (martxoak 6) izena eman daitekeela jakitera eman dute, eta autobus bat baino gehiago betetzea espero dute.