Iraganeko 16 argazki, emakumeen 16 adiera
Eulalia Abaitua argazkilari aitzindariaren irudiak oinarri hartzen dituen 'Estereoskopiak 16+16' erakusketa ikusgai dago Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Ekainaren 17ra arte bisitatu daiteke.irudia bakarra izan arren, horren gaineko begiradak hama...
Eulalia Abaitua argazkilari aitzindariaren irudiak oinarri hartzen dituen ‘Estereoskopiak 16+16’ erakusketa ikusgai dago Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Ekainaren 17ra arte bisitatu daiteke.
irudia bakarra izan arren, horren gaineko begiradak hamaika izan litezke, nork begiratzen duenaren arabera. Agian, ulermen kontua izango da, edo irudimenarena, akaso. Oroitzapenek eta bizipenek ere izango dute zerikusia, beharbada.Argazki batek 1.000 hitz baino gehiago balio dituela dio esaera batek, eta hala izango da batzuentzat, behintzat. Berben bidez adierazten direnak nahiago izango dituzte, aldiz, beste askok. Euskal Museoak eta Azkue Fundazioak, baina, argazki eta hitzak elkartu dituzte, herritarrek bietarako aukera izan dezaten. Eta aukera hori Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan emango dute, bertan jarri baitute ikusgai Estereoskopiak 16+16 erakusketa.
Eulalia Abaitua (Bilbo, 1853-1943) argazkilari aitzindariaren argazkiak hartu dituzte oinarri bilduma hori osatzeko: Bizkaiko eta Gipuzkoako txoko ezberdinetako iraganeko 16 irudi. Erakusketak atal bi ditu: iragan bisuala, batetik, eta ahozko orainaldia, bestetik.
Lehenengo zatian, formatu estereoskopikoan egindako 16 irudi horien anaglifo kopiak biltzen dituzte. Argazkilariak bere familiako kideez gain, pertsona xu- me, apal eta anonimoak jasotzen ditu bere lanetan, sinpletasun eta fintasun handiz erretratatutakoak.
Erliebezko irudiak dira Abaituarenak; hain zuzen ere, retro argiztaturiko pantailen barruan erreproduzitzeko teknika erabilita landutakoak. Eta hiru dimentsiotan ikusteko, beharrezko du bisitariak bi koloreko kristalak dituzten betaurrekoak erabiltzea; bata urdina eta bestea gorria.
Bigarren zatian, hitzek hartzen dute nagusitasuna, eta lagungarri dira irudiek hitzen jabeei zer iradokitzen dieten ulertzeko. Hamasei argazki diren heinean, hamasei dira baita lan horiei letrak jarri dizkieten pertsonak; guztiak emakumezkoak, denak euskaldunak: Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Aurelia Arkotxa, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Tere Irastorza, Karmele Jaio, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Lourdes Oñederera, Eider Rodriguez, Danele Sarriugarte, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia.
Betaurrekoak jantzi, eta irudiei begira, kontakizunak sortu dituzte hamasei idazleok. Irakurtzeko baino, entzuteko izango dira horien esanak. Iraganari jarritako hitzak audiogiden bitartez aditu ahalko dituzte erakusketara bertaratzen direnek.
Euskal Museoak eta Azkue Fundazioak «iragan bisuala eta ahozko orainaldia uztartuz, magia piztea» izan dute helburu erakusketagaz, eta horregaz batera, argazkien zein hamasei begirada literarioen bidez, «Eulalia hurbilagotik ezagutzea» gura izan dute.
Euskal Herria Museoko erakusketa ekainaren 17ra arte bisitatu ahalko da, eta bertan jarriko dituzte bisitarien eskura ibilbidea egiteko ezinbestekoak diren betaurrekoak zein entzungailuak.