Iraganeko 16 argazki, emakumeen 16 adiera
Eulalia Abaitua argazkilari aitzindariaren irudiak oinarri hartzen dituen ‘Estereoskopiak 16+16’ erakusketa ikusgai dago Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, ekainaren 17ra arte.
Iragan bisuala eta ahozko orainaldia uztartuz, magia piztu nahi izan duteLehenengo zatian, formatu estereoskopikoan egindako 16 irudi horien anaglifo kopiak biltzen dituzte. Argazkilariak bere familiako kideez gain, pertsona xume, apal eta anonimoak jasotzen ditu bere lanetan, sinpletasun eta fintasun handiz erretratatutakoak. Erliebezko irudiak dira Abaituarenak; hain zuzen ere, retro argiztaturiko pantailen barruan erreproduzitzeko teknika erabilita landutakoak. Eta hiru dimentsiotan ikusteko, beharrezko du bisitariak bi koloreko kristalak dituzten betaurrekoak erabiltzea; bata urdina eta bestea gorria. Bigarren zatian, hitzek hartzen dute nagusitasuna, eta lagungarri dira irudiek hitzen jabeei zer iradokitzen dieten ulertzeko. Hamasei argazki diren heinean, hamasei dira baita lan horiei letrak jarri dizkieten pertsonak; guztiak emakumezkoak, denak euskaldunak: Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Aurelia Arkotxa, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Tere Irastorza, Karmele Jaio, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Lourdes Oñederera, Eider Rodriguez, Danele Sarriugarte, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia. Betaurrekoak jantzi, eta irudiei begira, kontakizunak sortu dituzte hamasei idazleok. Irakurtzeko baino, entzuteko izango dira horien esanak. Iraganari jarritako hitzak audiogiden bitartez aditu ahalko dituzte erakusketara bertaratzen direnek. Euskal Museoak eta Azkue Fundazioak “iragan bisuala eta ahozko orainaldia uztartuz, magia piztea” izan dute helburu erakusketagaz, eta horregaz batera, argazkien zein hamasei begirada literarioen bidez, “Eulalia hurbilagotik ezagutzea” gura izan dute. Euskal Herria Museoko erakusketa ekainaren 17ra arte bisitatu ahalko da, eta bertan jarriko dituzte bisitarien eskura ibilbidea egiteko ezinbestekoak diren betaurrekoak zein entzungailuak.