Egindako inbertsioek baldintzatuko dute 2018ko udal aurrekontua
Murrizketak izan arren, udalarentzat lehentasunezkoa izango da zerbitzuak mantentzea; hilabeteon onartuko dute. Zeledonion bateratu nahi dituzte udal zerbitzu guztiak mikel santisoOndarroako 2018ko udal aurrekontua Kamiñalden egin behar izan dituzten ...
Murrizketak izan arren, udalarentzat lehentasunezkoa izango da zerbitzuak mantentzea; hilabeteon onartuko dute. Zeledonion bateratu nahi dituzte udal zerbitzu guztiak mikel santiso
Ondarroako 2018ko udal aurrekontua Kamiñalden egin behar izan dituzten inbertsioek baldintzatuta onartuko dute.Aurrekontuak murrizketak edukiko dituela aitortu duten arren, zerbitzuak mantentzea lehentasuna izan dela aitortu du Zunbeltz Bedialauneta alkateak. Hilabete honetan onartuko da aurrekontua, 9 milioi euro ingurukoa, azken hilabeteetan herriko talde eta eragileekin moldatu dena. «Kamiñaldeko lanek aurrekontuan moldaketak egitera behartu gaituzte, eta horregatik herritarrei eskatuko diegu ulerkorrak izan daitezen egoeragaz. Egoera zail horretatik indartuta aterako gara». Esan du derrigorrak ez diren, baina udalak eskaintzen dituen hainbat zerbitzu mantendu egin nahi izan dituztela, Musika Eskola, Herri Busa, Etxelila eta Gaztelekua, esate baterako. «Inbertsioetarako nahi baino gutxiago» daukatela esan du Eneritz Basurko hirigintza zinegotziak.
Kamiñalden egindako inbertsioak eta hartutako erabakiek batzorde guztietan moldaketak egitera behartu du udala, baina, hala ere, pozik agertu dira egindako lanagaz. Besteak beste, Augustin Zubikarai plaza konpontzea, filtrazioak kentzeko Musika Plazako pareta konpontzea, Madalena auzoan galipota berritzea eta Artibai egoitza aurreko plaza eta Nasa Kaleko lurra konpontzea.
Bestalde, Kamiñazpi auzoan iaz hasitako parkearen eraberritze prozesuagaz jarraitu nahi dute. Lehen etapako ondorioak atera, eta aurten prozesuagaz jarraitu nahi dute, lehen fasea exekutatuz. Horregaz lotuta joango da Ibaiondoko etxeen azpiko aparkalekuetan dauden filtrazioen gorabeherak konpontzea, balitekeelako, frogatuta ez dagoen arren, parkearen hasieratik beheko pasealekuraino desagertzen joan den uhin-hauslea ez egoteak eragin izana filtrazio horiek. Horrela ez bada ere, udalak zati hori konpontzeko asmoa dauka. Horrez gain, Kamiñazpiko auzotarrek urbanizazio prozesu berri bat edukiko dute, parte hartzailea hori ere. Alkateak esan du denbora asko dela Kamiñazpiko urbanizazioa aldatu ez dela, eta ordua dela horri ekiteko: «Bizilagunek erabakiko du- te zelako auzoa nahi duten eraiki». Txomin Agirreko jolastokiaren eta azpiko aparkalekuaren erabakiaren aurkako errekurtsoa galdu egin du udalak, eta, orain, Gotzaintzagaz negoziaketan eseriko dira. Aparkalekua aurten zabaltzea dute helburu.
Txakur kakak eta gazteen lokalak ere hizpide izan dituzte. Txakur kaken arazoari irtenbidea aurkitzeko batzorde bat eratu zuten, eta ordenantza ere aldatu zen. Herriaren garbitasuna bermatzeko asmoagaz, kontzientziazio kanpaina bat jarriko dute martxan. Gazteen lokalei dagokienez, alkateak eta hirigintza zinegotziak esan dute ez daudela gazteen lokalen aurka, baizik eta zenbait gutxieneko neurri ezarri nahi dituztela: «Arazo bat baino gehiago egon dira gazteen lokaletan, Kamiñazpin eta Kaleandin, adibidez. Herritarrei esker ez zen ezbehar handiagorik gertatu». Gazteekin zein lokalen jabeekin batu eta su-itzailgailuak, larrialdietako argiak eta kumunak jartzeko eskatuko die, besteren artean.
Udal zerbitzuak batu
Ondarroako Udalak urteetan duen nahia da eskaintzen dituen zerbitzu guztiak eraikin bakar batean batzea, hau da, herritarren arreta zerbitzua zentralizatzea. Horretarako, Zeledonioko eraikina dela egokiena uste dute, baina jakitun dira egoera ez dela erraza. Orain, eraikinaren lur azpia eta egonkortasuna nola dauden ikertzeko prozesua abiarazten daude. Udal zerbitzuak eraikin horretara igarotzeak, lehenik eta behin, iriste erraztasuna bermatuko lukeela ekarri du gogora alkateak. Bestalde, orain bezala zerbitzu bakoitza bestearengandik urrun egon beharrean denak batera egoteak komunikazioa erraztu, eta energiaren eta lanaren optimizazioa ere areagotuko luke. Ez dute data zehatzik ipini. Solairuren batean, gainera, kultur ekintzak ere egin ahalko liratezkeela ere gaineratu dute, Guzur Etxean ez bezala, iriste erraztasuna bermatuz. Zeledoniora lekualdatzea arreta zerbitzua hobetzeko prozesuaren amaiera izango litzateke, leihatila bakarra eta izapideak Internet bidez egiteko aukera eman eta gero egitekoa.