Bermeoko Udalak ehiza aldundiaren eskumena dela gogorarazi gura izan du
Urdaibaiko ehiztariak biltzen dituen Txindorra ehiza elkartekoek Bermeoko Udalari eskatu diote Arranotegi basoan ehiza egiten uztea, eta debekua altxatzea. Eskaera horren aurrean, Bermeoko Udalak gogorarazi gura izan du ehiza debekatzea edo baimentzea Bizkaiko Foru Aldundiaren Ehiza eta Arrantza Zerbitzuaren eskumena dela.
Ehiztariek azaldu dutenez, 800 sinadura baino gehiago aurkeztu dituzte. Horien bitartez, honakoak eskatu dituzte: udalak debekua altxatzea eta ehiztariek esateko daukatena entzutea. Era berean, ehiza eta biodibertsitatea bateragarriak direla uste dute ehiztariek. Izan ere, diotenez, udalak gune horretan ehiza egitea debekatu du, «inguruko biodibertsitatea kaltetzen duela» argudiatuz. «Alde bakarretik» hartutako erabakia dela kritikatu dute, gainera.
2017-2018 ehiza denboraldia oraintsu amaitu dela esan dute Urdaibaiko ehiztariek, «oraindik debekua indarrean ez zegoela». Denboraldi honetan basoko biodibertsitatea ez dela kaltetu azaldu dute, eta nabarmendu dute inor ez dela kexatu: «Hortaz, horrek erakusten du Arranotegin egiten diren jarduera guztiak bateragarriak direla».
Plangintzarik bariko babesa eman gura diotela kritikatu dute. Bestalde, udalari gogorazi gura diote basoetako bideak eta pistak «garbi eta ibiltzeko moduan» mantentzen direla ehiztariei eta nekazariei esker.
«Harrituta». Udal arduradunek agertutako «ezagutza faltagatik harrituta» daudela esan dute Txindorra elkartekoek: «Ez dute ezagutzen Urdaibaiko Ehiza Kontrolatuaren Aldearen funtzionamendua, erabiltzen diren ehiza moduak eta inguruko ehiza espezieak. Horiek guztiak ezagutu barik, ezin daiteke esan ehizak biodibertsitatea kaltetuko duenik».
Azaldu dutenez, hartutako erabakiak, beste alde batetik, ez die bakarrik ehiztariei eragingo: «Ehizak baserritarrentzako kaltegarria izaten den orkatzen eta basurdeen gainpopulazioa erregulatzen du».
Udalaren erantzuna. Txindorra ehiza kirol elkarteak egindako kritikiei erantzun gura izan die Bermeoko Udalak. Azaldu dutenez, 2016. urtean Bizkaiko Foru Aldundiak Ehiza Kontrolatuaren Aldea (EKA) berritzerako orduan, «eta, bete beharreko prozedura jarraituta», Bermeoko Udalari eskatu zion bere jabetzako lursailei dagokienez iritzia ematea.
Arranotegiren balio naturala «handia» dela gogorarazi du ingurumen zinegotzi Irune Ormaetxeak, eta hainbat araudik horrela baieztatzen dutela esan du. 1995. urtetik Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak Arranotegiko herri basoa Bizkaiko Herri Onurazko Mendien katalogoan sartu zuen, eta horren helburu nagusia kontserbazioa eta erabilera publikoa bermatzea da.
Bestalde, 2016. urtean, Urdaibaiko Plan Erretore berriak, lehen aldiz, Herri Onurazko Mendiei B7 gunearen babesa kategoria eman ziela esan du Ormaetxeak; «hau da, ingurumen babes maila altuagoa». Gainera, Bermeon dagoen beste eremu babestuan, Gaztelugatxeko biotopoan, ehiza debekatuta dagoela gogora ekarri gura izan du, «1998. urtetik babestuta dauden lursailetan ezin daitekeelako ehizatu».
2004. urtean, berriz, udalak Bermeoko ondare naturalari buruz argitaratutako Bermeo, Itxasotik mendi barrenera argitalpenean ere, Tribisburuko baso atlantikoa, hau da, Arranotegiko basoa zaindu beharreko altxor natural modura azpimarratu zela dio ingurumen zinegotziak. Eta, 2007. urtean, Bermeoko Ordezko Arauak errebisatu zirenean, udalak Aranzadi Zientzia elkarteari ikerketa bat egitea eskatu zion. Horretan, udalerriko balio ekologiko garrantzitsuenetako guneen egoera aztertzea eskatzen zioten: «Txostenean balio bereziko zazpi guneen babesa indartzea eskatzen zen, horietatik hiru Arranotegi herri basoaren inguruan daudenak. Hiru horietatik bat, Madariagoko gorostidia, zoritxarrez, jadanik suntsituta dago».
Horregatik guztiagatik, Bermeoko Udala «baso horretan herritarren erabilera publikoa eta iraunkorra bermatzearen alde agertu zela» jakitera eman du Ormaetxeak: «Ehiza jarduerak ez du bermatzen herritar guztiek duten aisialdirako erabiltzeko eskubidea, ez eta bere kontserbazioa ere ez, eta hori jakinarazi genion aldundiari».
Hortaz, aldundiak EKA berria egiterakoan ehiza debekatu zuen Arronategin.