Autobus geltokia lekuz aldatzeko proiektua atzera bota du udalak
Bizkaiko Foru Aldundiak saihesbidean geraleku soil bat jartzeko asmoaren kontra agertu da Markina-Xemeingo Udala. Irtenbide egoki baten bila jarraituko duteMarkina-Xemeingo autobus geltokia saihesbidera lekualdatzeko proiektua bertan behera uztea eskat...
Bizkaiko Foru Aldundiak saihesbidean geraleku soil bat jartzeko asmoaren kontra agertu da Markina-Xemeingo Udala. Irtenbide egoki baten bila jarraituko dute
Markina-Xemeingo autobus geltokia saihesbidera lekualdatzeko proiektua bertan behera uztea eskatu du Markina-Xemeingo Udalak. Bizkaiko Foru Aldundiak saihesbidean geraleku soil bat besterik ez eraikitzearen asmoagaz ez daudela ados esan dute. «Udalak inondik inora ezin imajina zezakeen Aldundiak horrelako irtenbide prekario bat jarriko zuenik martxan urteetan gai horren inguruan hainbeste berba egin eta gero».Markina-Xemeingo autobus geltokia lekuz aldatzeko gaia aspaldikoa da. Urteak dira udala autobus geltokia herri barrutik ateratzea aztertzen hasi zela, ondorengo arrazoiengatik: orduko sei autobus herri barrutik pasatzen ibiltzea eta horren ondorioz sor zitezkeen istripuen arrisku handia saihestea, autobusek egiten duten ibilbideko galtzada hobeto zaintzea eta autobusen joan-etorria bizkortzeko herri barruraino sartu eta irten egiten duten denbora irabaztea.
Irtenbidea geltokia saihesbidera ateratzea izan zitekeela ikusita, sasoi hartako alkateak eta udal teknikariak Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan sailera jo zuten irtenbide hori proposatzera, eta udalak azaldu duenez, Errepideetako Zuzendaritzako teknikariek ere begi onez ikusten zuten irtenbidea, baina, beti ere, aurretik lan eta esku hartze batzuk eginda saihesbidean. Obra horien artean abiada hartzeko eta moteltzeko erreiak egitea autobusen sartu-irtena segurtasunez egiteko, bai autobusentzat bai eta bertatik dabilen gainerako zirkulazioarentzat ere.
Horrelako obra batek exijitzen zuen inbertsioa handia izanik, arazo ekonomikoaz egin zuten topo. Izan ere, saihesbidean egin beharreko lan horiez guztiez gain, geltoki egoki bat ere beharrezko ikusten zuten. Hau da, erabiltzaileentzako erosoa eta iristen erraza izango zena, eta horrez gain, egungo geltokitik berrira bitarteko bidean ere obrak egin beharko lituzkete, ibilbide hori ere baldintza egokietan egin ahal izateko. «Zerbitzu bera edo hobea ematea zen asmoa, bai geltokiari berari zegokionez bai eta bertara arteko bidearen aldetik ere».
Momentu hartan dirurik ez zegoela eta, gaur egunekoa egin zuten behin-behinean.
Eskaeragaz aurrera
Azken agintaldi bietan ere, eskaeragaz jarraitu du Markina-Xemeingo Udalak. Jakitera eman dutenez, joan den urteko abuztuan Unai Rementeria ahaldun nagusiak Markina-Xemeinera egindako bisitan landu zuten gaia berriz ere, eta azaroan Lekeition egindako bilera batean ere gaia zertan zen galdetu zioten eskualdeko alkateek. «Eta hark gaia mahai gainean zuela erantzun zuen».
Udalak jakitera eman duenez, joan den astean Aldundiko ingeniari batek deitu zion udal arkitektoari autobus geltokia saihesbidera lekualdatzeko behar diren lurren eskuratzea zertan den galdetuz eta geltokia eraikitzeko lanak adjudikatuta zituztenaren berri emanez. Horren berririk ez zutela eta, harrituta gelditu zirela azaldu du udalak, eta injeniariari egitasmoaren plano bat bidaltzeko eskaria egin zioten. «Harridura are handiagoa izan da zer egin nahi zen ikusi denean, geraleku huts bat baino ez saihesbidean, abiadura hartzeko eta moteltzeko errail gabekoa, eta zerikusirik ez duena duela hamar urte ezinbestekotzat jotzen zenarekin».
Gaia konpontzeko asmoz, Errepide Saileko ordezkariekin batu dira Markina-Xemeingo udalbatza osatzen duten alderdi politiko bietako ordezkariak eta udal teknikariak, eta Garraio Sailetik geraleku proiektu txiki hori egiteko eta obra lehenbailehen adjudikatzeko agindua jaso dutela esan diete bilerara joandako Errepide Saileko teknikari eta zuzendariek. «Ahaldun nagusiak gaia mahai gainean zuela esatean udalak uste osoa izan du urteetan eskatu izandakoa zela haren asmoa. Edozein kasutan, ez gaude egungo geltokiaren ordez saihesbidean horrelako geraleku bat onartzeko prest».
Esan dutenez, aldundiko arduradun politikoekin gaia argitzea da orain, udalaren asmoa, gaiari irtenbidea emango liokeen esku hartze bati ekiteko.