Asko eta asko dira itsas mundua gustuko duten artistak. Rosa Mari Gabantxo bermeotarra, Jabier Elesgarai mundakarra eta Jon Etxebarria sukarrietarra dira horietako hiru. Margolanak egiten ditu Gabantxok, eta Elesgaraik eta Etxebarriak itsasontzien maketak egiten dituzte. Horien lanak ikusgai jarri dituzte
Busturiko Altamirako kultur etxean, eta
martxoaren 23ra bitartean bisitatu ahalko da erakusketa.
Etxebarria, Elesgarai eta Gabantxo
Belaontziak, traineruak, txalupak edota arrantzontziak ikus daitezke Busturian.
Lehenengo aldiz erakusten dituzte urteetan egindako lanak, eta «beldur apur bategaz» egin dutela diote Elesgaraik eta Etxebarriak. «Lan handia dago maketa horien guztien atzean. Beira arasa barruan daudenak hobeto mugitzen dira, baina agerian daudenak arrisku gehiago daukate», dio Elesgaraik. Beldurra bai, baina
pozik ere badaudela esan dute Elesgaraik eta Etxebarriak,
herritarrek beraien lanak ikusteko aukera edukiko dutelako.
Zaletasunez egiten dituzte maketak, eta horien atzean
urte askoko lana dagoela azaldu dute. Orain 20 urte hasi zen Elesgarai itsasontzien maketak egiten, eta Etxebarria, berriz, umetan hasi zen. 300 urtetik gora dauzkan pieza bat ere ikus daiteke, Etxebarriak haizeen arrosa jarri du-eta denen bistara.
Balio handiko lanak dira, mimo handiz egindakoak, xehetasunez betetakoak. Etxebarriaren zenbait lan, gainera, uretan ere badabiltza.
Ez dituzte saltzen, asko maite dituzten horiei baino ez dizkiete oparitzen.
Tamaina eta teknika asko. Gabantxok azken urteetan egindako lanak jarri ditu ikusgai, eta tamaina ezberdinetako lanak ikus daitezke. Argi dagoena da
itsasoa gustukoa duela, bai eta
Urdaibai ere; horiek dira, hain zuzen ere,
bere margolan gehienetako protagonistak.
Hainbat teknikatan egindako lanak daude ikusgai: lumatxoa, akuarela, akrilikoa edota olioa erabilita egindakoak daude, eta erliebeak ere egiten ditu. Erosoen, hala ere, akrilikoagaz ibiltzen dela azaldu du.