Indarrez ailegatu da elurra
Aurreikusita bazegoen ere, aspaldiko urteetako elur gehien jausi da Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean. Ibilgailuek arazoak izan dituzte, eta jende asko lanera joan ezinda geratu daSegurtasun Sailak atzorako zuen ezarrita alerta laranja, elurragati...
Aurreikusita bazegoen ere, aspaldiko urteetako elur gehien jausi da Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean. Ibilgailuek arazoak izan dituzte, eta jende asko lanera joan ezinda geratu da
Segurtasun Sailak atzorako zuen ezarrita alerta laranja, elurragatik. Eta iragarri bezala ailegatu zen elurra Euskal Herriko bazter guztietara. Zuri-zuri esnatu ziren txokoak, eta zenbait arazo ere sortu zituen errepidean. Elurra garbitzeko, goizetik ibili ziren makinak han eta hemengo herrietan, bai udaletxeetakoak eta baita suhiltzaileenak ere.Markina-Xemeingo Karmengo eliza aurreko aldatzean zirkulazio arazoak sortu ziren atzo goizeko lehen orduetan. Beherantz zihoazen auto batzuk irrist egin, eta hesia jo zuten. Horrez gain, aldatza igo ezinik gelditu zen kamioi bat, eta bertan egon zen geldirik bidea garbitu zutenera arte. Zelai barrenean ere kolpeak egon zirela azaldu du herriko Udaltzaingoak. Bestalde, auto bat gurutzatuta gelditu zen goizean Etxebarriko Beide parean, baina istripu larririk ez zela egon azpimarratu zuen Jesus Iriondo alkateak.
Unibertsitatean eta beste herri batzuetako ikastetxeetan ikasten duten ikasle eta irakasle asko ere eskoletara iritsi ezinda geratu ziren, eta egon zen Ondarroatik unibertsitatera iristeko ia hiru ordu behar izan zituenik ere. Ikastetxe askok gutxieneko zerbitzuak eskaini zituzten, eta besteetan ere ikastorduak ez ziren ohikoak izan. Gainera, elurragatik unibertsitateko eskolak bertan-behera geratzen zirela zioen ohar bat ere ibili zen whatssapez, eta horrek nahasmena sortu zuen ikasleen artean. Autobus zerbitzuak ere etenda egon ziren goizean, eta 11:00etatik aurrera berrabiarazi zuten zerbitzua.
Lanetik etxera eta etxetik lanerako bidea egiteko zailtasunak eduki zituzten beste askok.
Isitripu larririk ez
Herrizaingo sailak jakitera eman duenez, istripu larririk ez zen gertatu Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko errepideetan, baina zenbait autok arazoak izan zituzten aparkatuta zeuden lekutik ateratzerakoan. Mutrikun, esaterako, futbol zelaiaren parean abiadura gehiegi hartu eta portuko aldapara sartzeko arazoak izan zituztenak ere egon ziren, autoa ezin frenatuta.
Herrietako udaletako langileak, udaltzainak ere bai zenbait kasutan, osasun etxe, zebrabide, oinezkoen pasabide eta abarretatik elurra kentzen eta gatza botatzen aritu ziren goizean. Gainera, herritar askok medikuarekin zeukaten hitzordua bertan behera laga zuten, Eusko Jaurlaritzak horrela aholkatuta.
Garraio publikoagaz ere arazoak izan zituzten herritarrek. Zornotza eta Bermeo arteko tren zerbitzuan, esaterako, atzerapen ugari izan zituzten trenek, eta zenbaitetan geldirik ere izan ziren. Arratsalderako, baina, ohiko maiztasuna mantentzen saiatu ziren, nahiz eta atzerapenekin jarraitu. Autobus zerbitzua ere eten zuten tarte batez, eta atzerapenekin iritsi ziren beste asko.
Izan ere, goizeko lehen orduetan Autzagane eta Sollube itxita egon ziren, baina goiz-eguerdirako zabaldu zituzten. Muxikako Oka auzoan ere errepidea itxita izan zuten tarteka. Goizean kamioiek debekatuta eduki zuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepideetara ateratzea, baina eguerdirako ireki zituzten errepideak horientzat ere.
Eguerdirako, normaltasuna
Egoera normaltasunera bueltatzen hasi zen eguerdian. Euskalmeten estazio metereologiko guztietan tenperatura zero azpitik zegoen lehen orduetan, baina tenperatura igotzen joan zen, zero gainetik jarri arte. Gainera, haizea indarrez jotzen hasi zen, eta elurra euri bihurtzen. Eguerdirako giro hobea zegoen.