Bi eskualdeotako atletek dominak lortu dituzte Euskadiko Txapelketan
Bermeoko Taraska ATk lau domina eskuratu ditu, Gernika ATk bi eta Lekeitioko Tximista ATk bost. Durango KTan dauden Lea-Artibaiko kirolariek hainbat domina irabazi dituzteEuskadiko Txapelketa lehiatu zuten Anoetako pista estalian (Donostia, Gipuzkoa), ...
Bermeoko Taraska ATk lau domina eskuratu ditu, Gernika ATk bi eta Lekeitioko Tximista ATk bost. Durango KTan dauden Lea-Artibaiko kirolariek hainbat domina irabazi dituzte
Euskadiko Txapelketa lehiatu zuten Anoetako pista estalian (Donostia, Gipuzkoa), zapatuan, eta Busturialdeko eta Lea-Artibaiko atletak hainbat dominagaz bueltatu ziren etxera.Bermeoko Taraska Atletismo Taldeak lau domina irabazi zituen. Nagore Odiagak Euskadiko txapeldun izatea lortu zuen, kadeteen 60 metroko proban. Ainhize Pradok zilarrezko domina jantzi zuen kadeteen 600 metroko lasterketan, eta Eneritz Campanok junior mailan lortu zuen zilarra, 1.500 metroko proban. Pisu jaurtiketan, Garazi Lertxundik brontzezko domina eskuratu zuen gazte mailan.
Pisu jaurtiketako junior kategorian azpitxapeldun geratu zen Gernika Atletismo Taldeko Jonan Asturias; 11 metro eta 40 zentimetroko marka lortu zuen.
Gernika ATko Uxue Aurrek ere zilarrezko domina irabazi zuen junior mailako 800 metroko proban. Gernikarrak 2 minutu eta 30 segundotan amaitu zuen lasterketa. Unai Lopato podiumetik hurbil geratu zen; gazte mailako 1.500 metrotan laugarren geratu zen, 4 minutu eta 22 segundoko denboragaz.
Lekeitioko Tximista taldeak bost domina eskuratu zituen: urrezko domina bat eta lau brontzezko domina.
Aiora Agirregomezkorta da gazte mailako (18 urtez azpikoak) Euskadiko txapelduna 800 metroko proban; 2 minutu, 24 segundo eta bost ehuneneko denboran burutu zuen tarte hori. Maila berean, Ines Lauzirikak hiruko jauziko podiumean hirugarren postuan sartzea lortu zuen; 11.13ko markagaz
Naiara Virto junior mailako (20 urtez azpikoak) 400 metroko lasterketan geratu zen hirugarren. Eta kategoria horretan, Oihane Alejandre 60 metroko hesiko proban. Nora Agirre kadeteak, berriz, 16 urtez azpikoetan altuera jauzian jantzi zuen brontzezko domina.
Unai Urkiagak, Alaitz Zabalak eta Irati Iriondok egindako markak azpimarratu dituzte. Gazte mailako (17 urtez azpikoetan) 60 metro hesiko proban, 9.82ko denbora lortu zuen Urkiagak, eta 10.44koa Zabalak. Maila bereko 60 metroko lasterketan, 8.08 egin zuen Iriondok.
Atletico SSeko Mikel Dolaraga lekeitiarrak bi «marka bikain» lortu zituen juniorretan (20 urtez azpikoak): 400 metroko proban zilarrezkoa eta 200 metrokoan brontzezkoa.
Pozik egindako lanagaz
Durango KTko Ainara Mugartegi eta Aiert Azkarate ere dominagaz bueltatu ziren. Mugartegi markina-xemeindarrak bi zilarrezko domina lortu zituen: 400 metroko eta 200 metroko probetan (18 urtez azpikoetan). Azkarate ondarrutarrak maila bereko pisu jaurtiketan irabazi zuen brontzezko domina.
Durangoko taldean dauden eskualdeko gainerako atletek nahiz eta dominarik eskuratu ez, lan txukuna egin zutela azpimarratu du Orkatz Beitia entrenatzaileak. Esaterako, kadete mailan Izaro Larrinaga markina-xemeindarra podiuma lortzetik hurbil egon zen; laugarren sailkatu zen pisu jaurtiketan. Kategoria bereko Xabat Oar-Arteta markina-xemeindarra 60 metroko hesiko finalean sartu zen, eta marka pertsonala hobetu zuen 10 segundo eta 2 ehunenen. Era berean, Neskuts Aldazabal berriatuarrak marka hobetzea lortu zuen gazte mailako 60 metro hesiko proban; 9 segundo eta 44 ehunen egin zuen.
Damian Ares junior ondarrutarrak (20 urtez azpikoa) 6 metroko luzera jauzian parte hartu zuen, eta kadeteetan (16 urtez azpikoa) Urtza Agirre eta Naroa Zabala ondarrutarrek 600 metroko proba lehiatu zuten. Lehen aldia izan zuten pista estalian. Beitia pozik dago egin duten lanagaz.