Bertsolari gazteen BBK sariketaren finalaurrekoetan izango da Busturialdea
Zallan jokatu dute gaur goizean Busturialdea eta Enkarterri/Ezkerraldea taldeek XXVI. Bertsolari gazteen BBK sariketaren 2. kanporaketa. Bien arteko norgehiagokaren ostean, Busturialdeak lortu ditu puntu gehien, eta garaipenari esker, finalaurrekoetarako txartela eskuratu du.
Zallako Maristak ikastetxeko eta Zalla BHIko ikasleen aurrean, oholtza gainera igo dira bertoko eta hango bertsolariak. Busturialdeko taldean Oier Errementeriak, Janire Arrizabalagak eta Beñat Bilbaok kantatu dute 18 urtera artekoen mailan, eta Lurdes Ondaro, Ibai Amillategi eta Aitor Etxebarriazarraga izan dira, berriz, oholtzan, 19 eta 24 urte artekoen mailan.
Horien denen artean batutako puntuei esker, guztira, 451,50 puntu lortu dituzte bertokoek, eta 58,5 puntu gutxiago, aldiz, aurkari izan dituzten Enkarterri/Ezkerraldeakoek. Alegia, 393ko puntuazioagaz bukatu dute saioa azken talde horretako bertsolariek.
Bertsolari Gazteen BBK sariketan, saioak sailkapen izaerakoak izaten dira, eta, hortaz, Enkarterri/Ezkerraldea taldeak ez du txapelketan aurrera jarraitzeko aukerarik izango. Busturialdea, berriz, Durangaldearen –lehen kanporaketako irabazlea– aurka neurtu beharko da bertsotan martxoaren 12ko saioan (12:00etan, Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuan).
Hurrengo sailkapen saioa Hego Uribek eta Uribe Butroek jokatuko dute martxoaren 5ean Deustuan, eta Lea-Artibai eta Uribe Kosta izango dira martxoaren 6ko saioan lehiatuko direnak Markina-Xemeinen. (10:45ean, kultur aretoan).