Alaine Agirre 111 Akademiaren Saria jasotzeko bidean
Bigarren txandan bozkatzeko hautatua izan da bermeotarraren 'Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama' liburua
111 Akademiak lehenengo bozketa txanda amaitu du, eta akademiakideek bost obra hautatu dituzte bigarren txandan bozkatzeko, horien artean dago bermeotarrarena.
Hurrengoak dira Agirreren lanagaz batera, lehenengo bozketa txandan botorik gehien jaso dituzten lanak: Maddi Zubeldiaren Deserria haurtzaro; Alberto Ladronen Jainkoen zigorra; Uxue Alberdiren Jenisjoplin; eta, Iñigo Urdinagaren Surflaria eta Paradisua. Horien artetik aterako da hortaz, 2017an euskal literaturak utzitako libururik gogokoena.
Jakitera eman dutenez, lehenengo txandan 83 akademiakidek eman dute botoa. Orain, akademiakideek martxoaren 15a baino lehen bidali beharko dute bost horietako baten aldeko botoa.
Bigarren buelta horretan libururen batek jasotako botoen %40a bereganatuko balu, horrek jasoko luke 2017ko 111 Akademiaren Saria. Kopuru horretara iristen den lanik ez balego, berriz, bi bozkatuenak pasako lirateke finalera.
Akademiak apirilaren amaieran emango du ezagutzera 2017ko 111 Akademiaren Saria. Sari banaketa ekitaldia, hala ere, maiatzean egitea aurreikusten dute, Andoainen.