Martxoaren 7ra arte izena eman daiteke emakumeen irteeran
Emakumeen Nazioarteko Egunari lotuta, Santanderrera (Kantabria, Espainia) txangoa antolatu du Kuku-Habixa kultur elkarteak. Egun osoko irteera izango da, eta Kantabriako hiriburuko hainbat leku esanguratsu bisitatuko dituzte.Martxoaren 10ean izango da ...
Martxoaren 10ean izango da txangoa, baina joateko asmoa daukaten herritarrek aldez aurretik izena eman behar dute udaletxean (94-684 21 06 edo 673 09 85 97). Martxoaren 7a (eguaztena) da izena emateko azken eguna, eta 40 euro ordaindu behar ditu bakoitzak.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, mendexarrez gain, inguruko herritarrak ere joan daitezke.
07:30ean udalerriko plazan elkartuta abiatuko dira. Santanderrera heltzean, autobusez bisita gidatua egingo dute; Cabo Mayor itsasargiari, Sardinero hondartzei eta Kasinoari buruzko informazioa jasoko dute autobusetik jaitsi ere egin barik.
Ondoren, Magdalena jauregira hurbilduko dira. Kanpotik zein barrutik ezagutuko dute, eta, jarraian, gauza bera egingo dute katedralean. Hiriaren erdigunean dagoen Bahia jatetxean bazkalduko dute, eta aipatu lekuez gain, besteren artean, udaletxera, Reina Victoriara, Puerto Chicora, Palacio de Festivalesera eta Paseo de Peredara ere joateko asmoa agertu dute Kuku-Habixa kultur elkartekoek.