1976ko martxoaren 3an Gasteizen hildako langileak oroituko dituzte
Ekitaldi berezia antolatu du Marra Gorria Kolektiboak eguenerako. Alitxu Martinez del Campo militante feministaren hitzaldia izango du oinarri ekitaldiakLekeitioko Marra Gorria Kolektiboak 1976ko martxoaren 3an Gasteizen emandako gertaerak gogoratu eta...
Ekitaldi berezia antolatu du Marra Gorria Kolektiboak eguenerako. Alitxu Martinez del Campo militante feministaren hitzaldia izango du oinarri ekitaldiak
Lekeitioko Marra Gorria Kolektiboak 1976ko martxoaren 3an Gasteizen emandako gertaerak gogoratu eta hildako langileak omentzeko ekitaldi berezia antolatu du. Abian jarri duten Herri boterea eraiki dinamikaren baitan egingo da omenaldia eguenean. Azken urteetan egin duten modura, ekitaldi horren ondoren, maiatzaren 1erako prestatzen ari diren mobilizazioak etorriko direla aurreratu dute.Memoria ariketa huts batetik harantzago, kolektiboaren asmoa zer gertatu zen aztertzea baino, zergatik gertatu zen aztertzea izango dela azaldu dute. «Batez ere, martxoaren 3ko gertaera ilunak gertatu aurretik, Gasteizko langileriak autoantolakuntza gaitasuna eta botere maila altu bat lortu zituelako, orduko egoera baldintzatu zein botere paralelo bat eraikitzen joateko indarragaz».
Ildo horretatik, garai hartako gertaerak eta gaur egungo egoeraren arteko lotura egiten dute, 2018. urtean eta kapitalismoaren krisi bete-betean, ulertzen dutelako «erronka nagusia herri boterearen eraikuntzan dagoela, langile klaseak gidatutako prozesu baten bidez». Hori dela eta, garai hartan emandako mugimendutik irakaspenak atera nahi dituztela esan dute, Euskal Herrian herri boterean oinarritutako boterea eraikitzea zelan lortu daitekeen ikusteko.
Hausnarketarako tartea
Antolatu duten oroimen ekitaldiak Alitxu Martinez del Campo militante feministaren hitzaldia izango du oinarri. Alitxu Martinez del Campok 1976ko gertaeretan parte hartu zuen, eta aurretik ere langile mugimenduaren parte zen. «Berak kontatuko digu zelan joan zen egituratzen mugimendua, bai eta ere zergatik kolpatu zuten errepresiboki hain gogor. Horrez gain, mugimenduan emakumeak izan zu- en egitekoa ere azalduko du».
Ekitaldia bideo emanaldiagaz osatuko dute, eta, amaieran, hausnarketarako tartea ere egongo da. Azken tarte horretan, Marra Gorria Kolektiboak herri boterearen eraikuntzan oinarritutako estrategia politiko baten zertzeladak aurkeztuko dituela aurreratu dute, hausnarketa edota eztabaidarako. Ekitaldia Mozolomendin egingo da, 19:00etan, bide batez gune hori okupatu zuteneko bost urte betetzen direla ere ospatzeko.