Ondarroako Aurrerak eta Lekeitiok garaipena lortu dute
Aurrera Kirol Elkarteak eta Lekeitio Futbol Taldeak hiru puntuak eskuratu dituzte asteburuan.Aurrerak Arratiaren aurka jokatu zuen zapatuan. Ez zen partidu ona izan, baina ondarrutarrek garaipena lortu zuten, baja ugariei aurre eginaz. Aitor Urresti iz...
Aurrerak Arratiaren aurka jokatu zuen zapatuan. Ez zen partidu ona izan, baina ondarrutarrek garaipena lortu zuten, baja ugariei aurre eginaz. Aitor Urresti izan zen golegilea, atera jaurtitako baloia atzelari batek ukitu ostean. Ibon Lopezenak bosgarren daude, 35 puntugaz.
Etxetik kanpo garaipen oso garrantzitsua lortu zuena Lekeitio Futbol Taldea izan zen. Mikel Badiolaren mutilek igoera postuak dituzte begiz jota, eta Begoñaren aurka Bilbon lortutako 0-1eko garaipenagaz postu horietatik bi puntura jarraitzen dute. Endika Iza izan zen puntuak Lekeitiora ekartzea ahalbidetu zuen golaren egilea.
Lurraldeko Lehen Mailan, berriz, berdindu egin zuen Markina-Xemeingo Artibaik eta galdu Berriatukok, biek etxetik kanpo, Busturialdean. Artibaik 0-0 berdindu zuen Urbietan, Gernika Sportingen aurka. Berriatukok, ostera, bururik ezin jasota jarraitzen du, eta 2-0 hartu zuen mendean Bermeo B taldeak Pentan. Artibai 12. postuan dago sailkapenean, 23 puntugaz, jaitsieratik 8 puntura. Berriatukok azken postuan darrai 8 puntugaz, jaitsiera postuetatik irtetzeko aukera ematen duen postutik beste hainbeste puntura.
Mutriku Futbol Taldeko nesken eta mutilen taldeek berdinketa bana lortu zuten. Neskek derbia jokatu zuten San Migelen, Amaikak Bat talde debarraren aurka. Bi taldeek elkarren aurka aurtengo denboraldian jokatu dituzten partiduetan garaipenak eta porrotak eduki dituzte, baina, oraingoan, 2-2 berdindu zuten Iera Naberanen eta Argiñe Ansorregiren golekin.
Mutilek, ostera, irteera zaila eduki zuten Arrasatera Mondragon taldearen aurka jokatzeko. Banako berdinketa eta puntu bat lortu zuten mutrikuarrek, eta horrela sailkapenaren erditik gora egonkortzen jarraitzen dute; Ion Landak egin zuen mutrikuarren gola.