Muruetako sokatiralariek amaitu dute aurtengo denboraldia
Euskadiko Goma Gaineko Txapelketa asteburuan bukatu da, eta Muruetako sokatiralariek amaitu dituzte aurtengo lanak. Hain zuzen, ez dira Txinan lehiatuko duten Munduko Txapelketan izango.Zapatu arratsaldean emakumezkoen 500 kiloko finala eta gizonezkoen...
Zapatu arratsaldean emakumezkoen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko saio bakarra lehiatu zuten Laukizen.
Mutiletan Laukizeko Gaztedi taldeak jantzi zuen txapela. Beti-Gazte talde nafarra sailkatu zen atzetik, eta Busturialdeko sokatiralariak gehiengo diren Sokarri talde arrigorriagarra izan zen hirugarrena. Murueta, berriz, seigarren postuan geratu zen. Nesken 500 kilokoan, Badaiotz talde arabarra nagusitu zen. Gaztedi eta Ibarra bigarren eta hirugarren sailkatu ziren.
Muruetako taldeko ordezkariek azaldu dutenez, orokorrean denboraldi txarra izan da, eta ez dituzte sentsazio onak eduki: «Ezin izan dugu nahi genuen maila eman; aurreko urteetan moduko maila erakutsi. Ea datorren urtean zerotik hasi, eta hobeto aritzen garen».
Denboraldia ez zuen ondo hasi taldeak, eta, esaterako, 680 kilotan hobeto moldatzea espero bazuten ere, ez zen horrela izan. 640 kiloko lehen saioan gerrikoekin arazo batzuk izan zituzten, eta epaileak ez zien utzi lehen saio hori lehiatzen: «Horrek bigarren saioan eragina izan zuen, eta finalerako aukera barik geratu ginen».
Gainera, denboraldi amaierarako hainbat lesio izan dituzte, eta, azken unean, beste sokatiralari batzuk sartu behar izan dituzte, min hartuta zeudenen lekuak betetzeko. Talde sendo bat osatzea falta izan zaiela uste dute, eta ilusioa eta gogoa apurka-apurka galtzen joan direla.
Muruetakoek Foruko Udalak eman dien laguntza eskertu dute. Izan ere, Muruetako frontoian entrenatzen duten zatia ez dago estalita, eta aurtengo negua oso euritsua izan denez, ezin izan dute bertan ganoraz entrenatu. Horregatik, astean birritan Foruko Udalak utzitako lekuan entrenatzen egon dira.