Lointek Gernika Bizkaiak 53-59 galdu du Lacturale Araskiren kontra
Denboraldia hasi zenetik talde gernikarrak puntu gutxien lortu dituen partidua izan da. Bi taldeetako zaleek giro ederra sortu dute emozioz betetako norgehiagokanLointek Gernika Bizkaiak 53-59 galdu zuen Lacturale Araskiren kontra domeka arratsaldean. ...
Denboraldia hasi zenetik talde gernikarrak puntu gutxien lortu dituen partidua izan da. Bi taldeetako zaleek giro ederra sortu dute emozioz betetako norgehiagokan
Lointek Gernika Bizkaiak 53-59 galdu zuen Lacturale Araskiren kontra domeka arratsaldean. Maloste leporaino bete zen; giro itzela sortu zuten etxeko eta Gasteizko zaleek, eta emozioz betetako lehiaz gozatu zuten.Gernika-Lumoko taldeak denboraldian puntu gutxien lortu dituen partidua izan da asteburukoa.
Hasierako minutuetan, barruko jokoan etxekoen nagusitasuna nabari zen. Baloi jabetzetan Caldwellentzat eta Donguerentzat baloiak lortzea zen helburua. Araskiko jokalariek, ostera, hiruko saskiratzeen aldeko apustua egin zuten.
Erritmo biziz hasi zen neurketa, eta intentsitate horri eusteko txandatzeak egin zituzten entrenatzaileek. Naiara Diez kapitainaren hirukoaren ostean, 19-12 amaitu zuten lehen laurdena.
Bigarren laurdenaren hasieran, Lointekek markagailuko aldea handitzea lortu zuen (21-12). Defentsa txandakatuta, ondo funtzionatu zuen etxeko taldeak, eta gasteiztarrek ere defentsa sendotu zuen.
Jokaldietan asmatu zuen Lointekek, eta 11 puntu errenta izatera ailegatu zen (27-13 partiduko 13. minutuan). Hutsartea eskatu zuen Araskik orduan, baina ez zuen eragin handirik izan, hutsartearen ondoren 4-4ko partziala egin baitzuten.
31-20ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira, baina ez zegoen ezer erabakita. Lehenengo zatiaren amaieran moduan, bigarrenaren hasieran ere puntuak lortzeko zailtasunez aritu zen etxeko taldea.
23. minutuan, Dialloren eta Silvaren hirukoen ostean, Mario Lopez Lointeken entrenatzaileak lasaitasun apur bat eskatu zien jokalariei. 34-26ko markagailua izatetik 36-32koa izatera pasatu ziren hiru minututan, eta arriskua ikusita, Lopezek hutsartea eskatu zuen.
Ondorengo minutuetan etxekoen defentsa hobetu zen, baina talde arabarrak kanpoaldetik saskiratzen jarraitu zuen. 28. minutuan puntu bakarreko aldeagaz zeuden (38-37); egoera kezkagarria zen.
Azken laurdenari 40-37ko markagailuagaz ekin zioten. Ez ohiko markagailua zen; normalean bi taldeak puntu gehiagogaz heltzen dira laugarren laurdenera. Eraginkortasun falta zen arrazoi nagusia.
Araskiko Agirreren hirukoagaz, 42na berdindu zuten bisitariek, eta, jarraian, Aldalurrek beste hiruko bat egin zuen, eta markagailuan aurretik jarri zen talde gasteiztarra.
Hala ere, markagailuari buelta ematea lortu zuen etxeko taldeak: 53-49. Azken hiru minutuetan, baina, ez zuen punturik lortu. Araskik, ostera, garaipena gura zuen, eta horretan ahalegindu zen.
Aldalurrek ia zortzi metrotik lortutako hirukoa izan zen azken txanpako saskiratze ikusgarriena. Donostiarrak 11 puntu lortu zituen azken laurdenean.
Hurrengoa ere etxean
Dia Ligaren azken bi partiduak galduta, datorren asteburuan ere Malosten jokatuko du talde gernikarrak. Domekan Perfumerias Avenida liderra hartuko du, 13:00etatik aurrera.
21. jardunaldi lehiatuta (26 jardunaldi dira), gaur gaurkoz 41 puntu ditu Avenidak. Bi puntura dauka Girona. Lointek Gernika Bizkaiak bosgarren postuari eusten dio, 32 puntugaz.