Lekeitioko Beteranoen Txapelketa finalaurrekoen atarian dago
Beteranoen Txapelketa finalaurrekoetara ailegatzekotan dago. Datorren asteburua erabakigarria izango da, baina azken honetan ere, sailkatuen artean sartzea lortu dute Pradera mallabiarrak eta Gandiaga berriatuarrak.Hiru partida jokatu ziren barikuan et...
Hiru partida jokatu ziren barikuan eta bat zapatuan. Txapelketa aurrera joan ahala, lesioak ere gehitzen doaz, hala ere, finalaurrekoetan egoteko lehia ere biziagoa da, eta gogor ari dira pilotariak. Barikuko lehen norgehiagokan 30 eta 15 nagusitu ziren Kaltzakorta (Gizaburuaga) eta Bastida (Deba). Hasiera orekatua izan bazuen ere, partidu erdialdera, agintzen hasi zen Bastida, eta Kaltzakortak bere jokoa berreskuratu zuenean zeregin gutxi eduki zuen bikote aurkariak.
Hurrengoa ere orekatua izatea espero zuten. Pradera eta Gandiaga aurretik joan ziren markagailuan partiduaren erdi ingurura arte, baina orduan, Pradera eskuko minagaz hasi zen, eta Telleria sakeekin asmatzen hasi zen, partiduari buelta ematea lortu zutelarik. Horrela, Telleriak eta Condek 30 eta 17 irabazi zieten Praderari eta Gandiagari.
Barikuko azkena izan zen zirraragarriena. Hiru tantoko aldeagaz, garaipen estua eskuratu zuten Berazak eta Etxebarriak; 30 eta 27 irabazi zieten Telleriari eta Conderi. «Elgoibartarrak izan ditugu jardunaldi honetako ezustekoa. Gorantz zetozen, eta urtero parte hartzen dutenez, oso ondo irakurtzen dute partida bakoitza», azaldu dute. Telleriaren jokoa gainditu eta partida irabazita, finalaurrekoetarako sailkatzeko pauso handia eman zuten.
Zapatuan ere garaipenagaz egin ziren Kaltzakorta eta Bastida. Sei tantuko aldeagaz gainditu zituzten Moral eta Martin, 30 eta 24. Hasieran Bastida lepoko zaintiratuagaz jokatzen jarraitzeko zalantzan egon zela azaldu dute, baina babesa ipinita jarraitu zuen aurrera. «Nahiz eta Moral eta Martin lekeitiarrek erresistentzia handia jarri, partidu zaila atera zuten aurrera gizaburuagarrak eta debarrak».