Ia 3 milioi euro beharko dira Kamiñaldeko lanak egiteko
Kamiñaldera doan bideko lanak udaberrian hasiko dira. Aurtengo aurrekontuetan aldaketak egin behar izan dituzte, gastuei aurre egin ahal izatekoKamiñaldeko lanak egiteko ia 3 milioi euro beharko dituztela aurreikusi dute.Udalbatzak Kamiñaldeko lanen...
Kamiñaldera doan bideko lanak udaberrian hasiko dira. Aurtengo aurrekontuetan aldaketak egin behar izan dituzte, gastuei aurre egin ahal izateko
Kamiñaldeko lanak egiteko ia 3 milioi euro beharko dituztela aurreikusi dute.Udalbatzak Kamiñaldeko lanen kontratazioa lehiaketara ateratzeko erabakia hartu zuen joan den egueneko osoko bilkuran, «aho batez». Kamiñaldeko mendi magala sendotzeaz gain, egonkortze eta ingurua leheneratzeko lanak ere egin beharko dira. Azaldu dutenez, lehiaketara aurkezten diren txosten guztien artean bat aukeratzerakoan, «ekonomikoki abantaila gehien eskaintzen dituena» lehenetsiko dute, beste irizpide batzuen artean. Aipatutako lanak egiteko kontratuari dagokion gastu zehatza 2.668.715,96 eurokoa da 2.205.550,338+463.165,68 (BEZ).
Udalbatzak hartutako erabakia barikuan argitaratu zuten Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta interesatuek 26 eguneko epean aurkeztu beharko dituzte proposamenak. Kontratazio mahaia Eneritz Basurko Ondarroako Udaleko Hirigintza zinegotziak eta udaleko teknikariek osatuko dute.
Lanak esleitu eta gero, Kamiñaldera doan bideko lanak udaberrian hasiko dituzte. «Aldundiko teknikariek emergentzia kategoria kendu eta gero, urgentziazko 1. eta 2. mailako kategoria daukate lanek. Horrek eragin du nahi baino gehiago atzeratzea». Urgentziazko 1. mailako lanak dira Kamiñaldeko etxeen azpiko behe aldeko babes horma egitea eta goiko aldeko uraren kanalizazioa egitea. Bigarren mailakotzat jotzen dituzte urbanizazioa lehengoratzeko lanak.
Lanak lehenago ez egin izanak hainbat segurtasun arazo eragin dituela gaineratu du udalak. «Lanak egin ez direnez, herritarrek ez autoz ez eta oinez ere ezin izan dute bertatik pasatu. Erabaki hori hartu behar izan zen».
Aldaketak aurrekontuetan
Eguenean hartutako erabakiaren berri emateaz batera, Ondarroako Udalak Kamiñaldeko ezbeharrari aurre egiteak ekonomikoki asko suposatu duela azpimarratu du beste behin ere. «Udaleko aurrekontuak behin eta berriro moldatu behar izan dira arazoari ahalik-eta modurik onenean aurre egiteko».
Halaber, beste erakunde publikoek ez dutela hitzartutako guztiagaz lagundu gaineratu dute. «Baina guk gure hitza bete dugu, eta egoera zailenean zeuden herritarren zama arindu dugulakoan gaude», esan du Zunbeltz Bedialauneta alkateak.
Bide beretik, «unerik zailenetan» euren borondatea erakutsi zuten herritarrei ere eskerrak eman nahi izan dizkie. «Erakutsi dugu herri bezala edozertarako gai garela, eta elkar laguntzeko prest gaudela». Hala, ezbeharrak kaltetutako herritarrei etxeko ateak zabaldu zizkietenei, bileretan parte hartu zuten bizilagunei eta pazientziagaz jokatu dutenei eskerrak eman nahi izan dizkie. «Oraindik egiteko asko dago. Orain egingo diren lanek, esate baterako, aurrekontuan moldaketak egitera behartu gaituzte; herritarrei ulerkorrak izateko eskatu nahi nieke».
Gertatutakoa gertatuta, aurrera begiratu behar dela gaineratu du Bedialaunetak: «Egoera zail honetatik indartuta aterako garela uste dut. Udalaren eta herritaren artean egoeraren kudeaketa eredugarria egin dela erakutsi dugu, eta beti esan dugun bezala, inor alboan utzi barik».