Eutsi Gogor, Danok Batera proiektuaren eta Kate Sarearen aldeko jaialdi solidarioa izango da
Gaixotasun arraroen nazioarteko eguna da bihar [otsailak 28], eta horren harira, familiartean ondo pasatzeko
egun osoko jaialdi solidarioa antolatu dute zapaturako. Kate Sarea elkarteak eta Eutsi Gogor, Danok Batera proiektuak antolatutako jaialdia da.
Proiektua osatzen duten familietako zenbait kide
Beste behin ere, askotariko
dantzek hartuko dute protagonismoa zapatuan; gustu guztietarako aukerak egongo dira. Dantza ikastaroak Artza frontoian izango dira.
Etxeko txikienek, berriz, dantza egiteko aukera izateaz gain,
tailerretan parte hartzeko aukera ere edukiko dute. Goizean, antzinako Arrantzaleen Kofradian izango dira eta arratsaldean, berriz, Artza frontoian.
Dantza egiteak, gosea eragiten duenez, gura duenak Barturen harategiaren eskutik
saiheskia dastatzeko aukera edukiko du antzinako Kofradia Zaharrean, edatekorik ere ez da faltako.
Jaialdia solidarioaren helburuetako bat,
gaixotasun arraroak gizarteratzen jarraitzea dela azaldu du Kate Sarea elkarteko presidente Mirenlur Santiagok, «eta ez bakarrik Bermeon edo Mundakan orain arte ezagutzera eman direnak, baizik eta eskualdeko beste familia batzuen seme-alabek dauzkatenak». Izan ere, gero eta gehiago dira, Santiagoren arabera, Eutsi Gogor, Danok Batera proiektura batzen ari diren eskualdeko familiak. Era berean,
ikerketarako eta familiei laguntzeko laguntzak jaso gura dituzte.
Kate Sareako kideak ikasleekin, biltegian
Bosgarren urteurrena. Bestalde, Kate Sarea elkarteak bost urte betetzen ditu hilabete honetan. Horregatik, zapatuan batutakoaren zati bat Kate Sarea elkarteak jasoko duela azaldu du Santiagok.
Gogora ekarri duenez,
irabazi-asmorik bako elkartea da Kate Sarea. Helburu bakarra krisi ekonomikoaren ondorioz muturreko egoerak bizi dituzten herritarrei laguntzea da. Hala,
oinarrizko eskubidea den elikatzea bermatzea dute helburu nagusi. Santiagok azaldu duenez, 500 pertsona baino gehiagok jasotzen dute laguntza, horietatik 100 baino gehiago umeak dira.
Elikagaiak banatzeaz gain, Kate Sareak beste mota bateko laguntza ere ematen du: «Bakarrik senti ez daitezen saiatzen gara eta lan bilako prozesuan ere laguntzen diegu, beste gauza batzuen artean».
Zapatuko jaialdi solidariorako
sarrerak aurretiaz eros daitezke Luma liburu dendan edo Intersport dendan. Zapatuan, berriz, frontoiko lehiatilan salduko dituzte.
Santiagok herritarrek, elkarteek, ikastetxeek, enpresek, dendek, tabernek, ikastetxeek… emandako laguntza eskertu gura izan du, bai eta Bermeo eta Mundakako udalek emandako laguntza eta babesa ere.
Zapatuko egitaraua
Dantza ikastaroak. Artza frontoirako sarrerak
5 euro balio ditu, eta
egun osorako baliogarria izango da.
10:30-11:00. Beti Jantzan. Line Dance.
11:05-11:35. Alkartasuna Dantza Taldea. Euskal dantzak.
11:40-12:10. Salsa Cubana elkartea. Kubatar dantzak.
12:15-12:45. Orain Bai fitness kluba. Zumba.
12:50-13:20. Ross Dantza eskola. Funky.
13:25-14:00. Flashmob-a egiteko probasaioa.
17:30-18:00. Txo Sevilla. Sevillanak.
18:05-18:35. Itsasizarrak gimnasia kluba. Zumba.
18:40-19:10. Orain Bai fitness kluba. Sh’Bam.
19-15-19:45. Arue Capoeira. Kapoeira.
19:50-20:20. Dantzatu gurekin. Saltsa.
20:25-20:45. Flashmob-a egiteko probasaioa.
20:45-21:00. Flashmob-aren grabaketa.
21:00-22:00. Disko musika.
Gurutze Gorrikoak umeekin lanean
Umeentzako tailerrak. Egun osorako
sarrerak 2 euro balio ditu.
10:30-12:30. Tailerrak antzinako Arrantzaleen Kofradian, Askora Solidariaren laguntzagaz.
17:30-20:30. Tailerrak Artza frontoian Bermeoko Gurutze Gorriagaz eta MB 2000 elkarteagaz.
Jardunaldi gastronomikoa
13:00-22:30. Saiheskia dastatu ahalko da prezio solidarioetan, eta txosna ere jarriko da antzinako Arrantzaleen Kofradian.