Etxerat:«Lourdes Arronategi bere semeen azken musua jaso gabe zendu da»
Etxeraten arabera, «gero eta gehiago» dira seme-alabak ikusi gabe hiltzen ari diren senideak; joan den astean, esaterako, Ibon eta Eneko Goieskoetxea euskal preso busturiarren ama hil zenJoan den martitzenean, otsailaren 20an, zendu zen Lourdes Arron...
Etxeraten arabera, «gero eta gehiago» dira seme-alabak ikusi gabe hiltzen ari diren senideak; joan den astean, esaterako, Ibon eta Eneko Goieskoetxea euskal preso busturiarren ama hil zen
Joan den martitzenean, otsailaren 20an, zendu zen Lourdes Arronategi busturiarra, Ibon eta Eneko Goieaskoetxea euskal preso politikoen ama. 80 urte zituen, eta busturiarra bere semeen azken musua jaso gabe zendu dela salatu du Etxerat elkarteak.Barikuan Bilbon emandako prentsaurrekoan salatu zuten «gero eta gehiago» direla seme-alabak ikusi gabe hiltzen ari diren senideak. Joan den astean, esaterako, Ibon eta Eneko Goieaskoetxea eta Urko Labeaga presoen amekin hala gertatu zela esan zuten: Lourdes Arronategi eta Pili Garcia.
«Horrelakoetan espetxe zigorra ez da arazoa, urruntzea baizik», esan zuten. Arronategiren kasuan, espetxe ezberdinetan zituen bi semeak. Ibon Arlesen daukate preso, Frantzian, Euskal Herritik 750 kilometrora. Eneko, berriz, A Laman dago, Euskal Herritik 730 kilometrora. Etxeraten arabera, ez dago tarteko konponbiderik: «Aukera bakarra euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea baino ez da. Hala, senide eta lagunekiko lotura bermatzeko eskubidea ziurtatuko da».
Arronategi eta Garciarenak, hala ere, ez dira «kasu isolatuak». «Zoritxarrez, euskal presoen hainbat eta hainbat aita eta amari gertatu zaien bezala, senideen arteko loturak bizirik iraun dezan, Arronategik eta Garciak espetxe batetik besterako bidean urte luzeak eman dituzte. Eta, Arronategiren kasuan, semeak bi espetxe ezberdinetan izatearen ondorioz sortzen den zailtasun berezia gogoan izatekoa da. Hilero semeekin minutu gutxi batzuk egiteko toki ezberdinetara bidaia luzeak egin behar izan dituelako», nabarmendu zuten.
«Eskubidea zapuztu»
Emakume «indartsua» bazen ere, «adina eta gaitzen ondorioz, eta baita hainbat urtetako ahalegin fisiko eta mentalaren higaduraren ondorioz ere, urrutiko espetxe horietara ezin zen berak gura zuen bezain sarritan joan, eta familia bizitza egiteko funtsezko eskubidea zapuztu zioten».
Etxerat elkartea sakabanaketaren ertzak salatzeko bideo bat prestatzen ari dela azaldu zuten; martxoan aurkeztuko dute. Bideo horren bitartez, urruntzeak adin nagusiko senideei sorturiko eragina eta ondorioak erakutsi gura dituzte. Horretan, Arronategik parte hartu duela diote, eta eskainitako lekukotasuna eskertu gura izan diote: «Arronategik bi semeak ikusteko bidaiatzen jarraitzeko jadanik indarrik ez zuela aipatu zuen».
Etxaratek gogora ekarri duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal presoek Euskal Herrira eramanak izateko egindako eskaerei 2015ean modu orokorrean ezezko erantzuna eman zienean, aitortu zuen presoak bisitak jasotzeko eskubidea zutela. Hala ere, gurasoen eta bestelako zuzeneko senideen adina eta osasun egoerak ez zituela kontuan hartu salatu dute.
Diotenez, auzitegiak azaldu zuen, gainera, senideak presoak ikustera joan ezin direnean, presoei senideak ikusteko baimenak ematen dizkietela. Hori, baina, «gezurra» dela nabarmendu dute. Izan ere, horiek lortzeko «hilabete eta izapide asko» bete behar dituztela salatu dute. «Askotan, senidea larri gaixorik eta hilzorian dagoen dioen sendagilearen txostena izan arren, Euskal Herrira eramanak izateko eskaerek ezezko erantzuna jasotzen dute».