Joan den martitzenean, otsailaren 20an, zendu zen Lurdes Arronategi busturiarra, Ibon eta Eneko Goieaskoetxea euskal preso politikoen ama. 80 urte zituen, eta busturiarra bere semeen azken musua jaso gabe zendu dela salatu du Etxerat elkarteak.
Bilbon eman zuten prentsaurrekoa barikuan. Argazkia: Etxerat
Barikuan Bilbon emandako prentsaurrekoan salatu zuten «gero eta gehiago» direla seme-alabak ikusi gabe hiltzen ari diren senideak. Joan den astean, esaterako, Ibon eta Eneko Goieaskoetxea eta Urko Labeaga presoen amekin hala gertatu zela esan zuten: Lurdes Arronategi eta Pili Garcia.
«Horrelakoetan espetxe zigorra ez da arazoa, urruntzea baizik», esan zuten. Arronategiren kasuan, espetxe ezberdinetan zituen bi semeak. Ibon Arlesen daukate preso, Frantzian, Euskal Herritik 750 kilometrora. Eneko, berriz, A Laman dago, Euskal Herritik 730 kilometrora. Etxeraten arabera, ez dago tarteko konponbiderik: «Aukera bakarra euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea baino ez da. Hala, senide eta lagunekiko lotura bermatzeko eskubidea ziurtatuko da».
Arronategi eta Garciarenak, hala ere, ez dira «kasu isolatuak». «Zoritxarrez, euskal presoen hainbat eta hainbat aita eta amari gertatu zaien bezala, senideen arteko loturak bizirik iraun dezan, Arronategik eta Garciak espetxe batetik besterako bidean urte luzeak eman dituzte. Eta, Arronategiren kasuan, semeak bi espetxe ezberdinetan izatearen ondorioz sortzen den zailtasun berezia gogoan izatekoa da. Hilero semeekin minutu gutxi batzuk egiteko toki ezberdinetara bidaia luzeak egin behar izan dituelako», nabarmendu zuten.
«Eskubidea zapuztu». Emakume «indartsua» bazen ere, «adina eta gaitzen ondorioz, eta baita hainbat urtetako ahalegin fisiko eta mentalaren higaduraren ondorioz ere, urrutiko espetxe horietara ezin zen berak gura zuen bezain sarritan joan, eta familia bizitza egiteko funtsezko eskubidea zapuztu zioten».
Etxerat elkartea sakabanaketaren ertzak salatzeko bideo bat prestatzen ari dela azaldu zuten; martxoan aurkeztuko dute. Bideo horren bitartez, urruntzeak adin nagusiko senideei sorturiko eragina eta ondorioak erakutsi gura dituzte. Horretan, Arronategik parte hartu duela diote, eta eskainitako lekukotasuna eskertu gura izan diote: «Arronategik bi semeak ikusteko bidaiatzen jarraitzeko jadanik indarrik ez zuela aipatu zuen».