Pentsio duinen aldeko aldarrikapenez bete dituzte kaleak herritarrek
Bilbora eta Donostiara joan dira Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko bizilagun asko. Markina-Xemeingo pentsiodunek elkarretaratzea egin dute Goiko PortaleanMilaka lagun batu ziren atzo goizean Bilboko eta Donostiako kaleetan pentsiodunen eskubideak ...
Bilbora eta Donostiara joan dira Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko bizilagun asko. Markina-Xemeingo pentsiodunek elkarretaratzea egin dute Goiko Portalean
Milaka lagun batu ziren atzo goizean Bilboko eta Donostiako kaleetan pentsiodunen eskubideak aldarrikatzeko, tartean egon ziren bai eta ere Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko bizilagun eta ordezkari politikoak. Pentsio duinak eta pentsio sistema publikoa defendatu eta KPIaren arabera pentsioak gaurkotzea eskatu zuten ozen. 35.000 lagun inguru batu ziren Bilbon eta 5.000 bat Donostian.Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan bezala, mobilizazioa egin zuten Markina-Xemeinen ere. Herriko Beti Jai jubilatuen elkarteak deituta, Goiko Portalean elkartu ziren herriko pentsiodunak. Udalerriko udaletxearen aurrean pairatzen ari diren egoera kaleratu zuten datu eta guzti.
Emilio Olabarriak (EAJ) Nagusiak Bizkaiko jubilatu eta pentsionisten elkartearen bileran 2020rako iragarri zuen erretiratuen pentsioen gainbehera betetzen hasi dela azpimarratu zuten. Gainera, ematen ari diren zenbakiekin nahasi egin nahi dituztela esan zuen Jose Alberdi Beti Jai elkarteko lehendakariak, eurek asmatutakoekin dabiltzalako. «Esaten dute 2017an egindako lanari esker urtea berreskurapen handi bategaz amaitu dela, 600.000 lanpostu sortu dituztela, eta hori pentsioak sendotzen joateko hasiera dela. Zelan esan daiteke hori, momentu honetan pentsioak ordaintzeko kutxa hustu dute eta».
Horrez gain, pentsioak %0,25 igota ondorengoentzako pentsioak ziurtatzen dituztela ere esaten ari dela Espainiako Gobernua azaldu zuen Alberdik. «Berba faltsuekin engainatzen saiatzen ari dira, baina ez gara jausiko. Orain da garaia borrokatzeko, modua aurkitu behar da».
636 euro baino gutxiago
Banketxeak ere aitatu zituzten. «Hor daude buru belarri pentsioen planekin, horrek ere hor daude prest haginka egiteko. Aurretik ere badaukagu esperientzia. Hemendik urte batzuetara balio guztiak jango dituzte, eta amaitu da gurea».
Atzera ere «inon balio izango ez duen» pezetara itzuliko beharko den galdetu dute pentsiodunek, eta konponbidea bilatu behar dela nabarmendu dute. «46,5 milioi bizilagun ditu Espainiako Estatuak, eta %40 pentsionistak dira, 9,5 milioi hain zuzen. 10 eurotik 4 euro gastatzen dira pentsiodunei ordaintzeko eta 2050 urtean %76 erretiratuak izango direla aurreikusten da. Orain ordaindu ezinik badabiltza, pentsatu gero».
65 urtetik gorakoen %19ak hilero 636 euro baino gutxiago kobratzen dituela jakitera eman dute. «%12ak 200 euro kobratzen ditu», salatu dute, eta egoera «triste» horren aurrean borrokan jarraitzeko jarrera erakutsi dute pentsiodunek.
Aldarrikapenekin jarraituko dute bai eta Ondarroan ere; astelehenean 12:00etan elkarretaratzea egingo dute Alamedan.