Maruri eta Enbeitaren parte hartzea duen 'Txarriboda' lana antzeztuko dute gaur
Iñaki Marurik antzeztu eta pianoa joko du; Onintza Enbeita kantuei letrak jartzeaz arduratu da. Ezteietako bazkari batean gertatzen dena azaltzen duen kontakizun «basatia» dakarteGernika-Lumoko Lizeo Antzokiak euskarazko antzezlan bat hartuko du gau...
Iñaki Marurik antzeztu eta pianoa joko du; Onintza Enbeita kantuei letrak jartzeaz arduratu da. Ezteietako bazkari batean gertatzen dena azaltzen duen kontakizun «basatia» dakarte
Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiak euskarazko antzezlan bat hartuko du gaur: Txarriboda. Mireia eta Imanolen ezkon-festa oinarri duen antzezlan horretan, Iñaki Maruri ondarrutarrak parte hartzen du, aktore zein piano jotzaile. Onintza Enbeita muxikarrak ere jarri du bere aletxoa, kantuen letrak eginez.Marurik azaldu duenez, kabaret estiloa daukan antzezlan bat da Txarriboda, eta ezteietako bazkari batean gertatzen dena azaltzen du. Dioenez, egoera esanguratsuak gertatzen dira bertan, eta horien «kontakizun basati bat» eskaintzen dute, umorea uztartzen duten bitartean. Orain arte eskaini dituzten saioetan, behintzat, jendea «barrez lehertu» dela ziurtatu du; «Saioa amaitutakoan bertaratutakoak tente jarri eta txaloka hasi izan dira».
Ordu eta erdiko antzezlana dela jakitera eman du aktore ondarrutarrak, «baina arin pasatzen da denbora». Izan ere, estimulu asko eta pertsonaia asko (aktore bakoitzak 3-4 pertsonaiaren papera betetzen du) dituen lana da gaur antzeztuko dutena.
Musika zuzenean
Gainera, musika zuzenean entzuteko aukera ere eskaintzen du. Euskal Herriko kantutegitik hartu dituzte kantu batzuk, eta horietako batzuen letra aldatu, eta antzezlanera egokitu dituzte. Maruri bera da, esaterako, pianoa jotzen duena. «Ni aktorea naiz izatez, eta hori da gustatzen zaidana; pianoa jotzen moldatzen naiz, baina aktore lanak egitea gehiago gustatzen zait».
Orain arte, hainbat agertokitan aritu da Maruri, besteak beste, Bilboko Pabellon 6 arte eszenikoen gunean zein Arriagan, Madrilen… Egindako antzezlanak ere ugariak izan dira: Cabaret Chihuahua, Cabaret Chichinabo, La Vida Alegre, La gatita blanca, El sueño de una noche de verano…
Txarriboda «gauza berria» dela dio Ondarroakoak: «Pertsonaiak guk geuk sortu ditugu gure inprobisaziotik, eta hori oso gauza pertsonala eta polita da. Pozik gaude emaitzagaz».
Enbeitarentzat, bestalde, lehen aldia da antzezlan baten kantuen letrak jartzen dituena. Gainera, aktore profesionalekin egindako lan batean inoiz ez du- ela parte hartu aitortu du. «Beti ibili naiz gauza amateurretan, Muxikako emakumeekin eta».
Lehenengo aukera izan du, eta «esperientzia polita» izan dela dio, lana eta denbora eskatzen duen arren, «gustura egiteko moduko lana», hain zuzen ere. «Batetik, obra zer den ulertu behar da, pertsonai bakoitza ondo bistaratu behar da, eta horietako bakoitzari ondoren, kanta horretan hitzak jarri behar zaizkio».
Antzerkia gustuko du muxikarrak, horren bitartez «gauza asko landu daitezkeelako». Jende askorengana eta sentimendu askotara heldu daiteke antzerkiagaz Enbeitaren ustez. Gustukoa izateaz gain, interesatzen zaion mundu bat da. Halere, maneiatu dezakeen antzerki mundua «oso oinarrizkoa» dela aitortu du.
Berak egiteko moduko zerbait dela ikusiz gero, baina, «gustura» egingo luke; aukerei zabalik egoten baita beti. Bertsolari eta kazetariak ez du uste inoiz antzerki profesionalik zuzenduko duenik, ez du-eta bere burua horretarako gai ikusten. «Baina beste maila batean, gidoiak eta letrak egiten… Uste dut baietz esango nukeela, betiere, nik zerbait jartzeko modukoa dela pentsatuko banu».
Antzezlana 20:30ean hasiko da, eta 12 euroko sarrera ordaindu beharko dute (bazkideek 9 euro) antzezlanagaz gozatu nahi dutenek.