Maren: "Bilboko Aste Nagusian kantatzea zen ametsetako bat"
Baduzu harremana han ezagututako umeekin?
Lagunak egin ditut; eurekin kolaborazioak egiten ditut batzuetan, bideoak abesti baten bertsioak egiten… Madrilen batzen gara batzuetan. Antonio Orozkok, adibidez, asko lagundu ninduen; gauza asko erakutsi zizkidan. Onena irabaztea zela esan zidan. Gauza asko ikasi nituen, bai umeengandik, eta baita nagusiengandik ere. Musika munduak nola funtzionatzen duen ikusteko baliagarria izan zen.
Antonio Orozko izan zen zure aholkularia, eta Bilboko Aste Nagusiko bere kontzertuan elkarrekin abestu zenuten.
Ez nuen espero. Dena dator bat-batean. Nik ez dut ezer programatzen, eta gertatu egiten da. Berak gonbidatu ninduenean, harritu egin nintzen. Nire ametsetako bat hori zen; Bilboko Aste Nagusian kantatzea. Amari ere esaten nion: ‘Egunen batean Aste Nagusian kantatuko dut’. Urte berean izatea, eta beragaz, harrigarria izan zen.
Hainbat kontzertu eman dituzu jada. Pozik al zaude jendearen erantzunagaz?
Uda hasieran hasi nintzen kontzertuak ematen. Lehen kontzertua Bermeon, amaren denda aurrean izan zen. Uste nuen ez zela inor etorriko, baina jende pila bat etorri zen. Gernikan, Mundakan, Donostian, Madrilen… Leku askotan egon naiz, eta denetan oso pozik. EPa oraintxe irten da, eta erreakzioak ikusten ari naiz, zer gustatzen den gehiago eta zer ez jakiteko. Bitartean, abesti berriak idazten eta kontzertuak ematen nabil. Asmoa diskoa ateratzea, abesti berriak sortzen jarraitzea da. Lanean jarraitzea eta hobetzea.
Idatzi eta konposatu ere egiten duzu. Zelan definituko zenuke zure estiloa, zure musika? Ez dut uste estilo bat oso markatuta daukadanik. Abesti denak euren artean desberdinak dira. Momentuan entzuten dudan musikak eragiten dit. Adibidez, gaur kanta alaiago bat entzuten badut, agian, halako bat irtengo zait. Ezberdina, baina estilo horretakoa, antzekoa. Hiru hizkuntzatan idazten eta abesten duzu. Zeinetan sentitzen zara erosoen? Ingelesez idazten dut gusturen. Hiruretan egia esan, baina erraztasun gehien ingelesez daukat. Estudio bateko lana zer den ere badakizu orain. Udan Bartzelonako 48 Volt Estudioan grabatu genuen John Caballes ekoizleagaz. Musikari harrigarriekin egin dut lan: Miki Grau bateriagaz, Ruben Alcazar baxuagaz, Oest de Rranc gitarragaz eta Claudia Estacato koruak egiten. Jende askoren nahaste bat dago, eta horrek proiektua aberatsagoa egin du. Zein talde edo bakarlarigaz elkarlanean aritzea gustatuko litzaizuke? Larregi ditut. Gabrielle Aplin asko gustatzen zait, baita Beatlesak ere, baina ezinezkoa da [barrezka]. Ken zazpi, Vendeta,?Esne Beltza, Izaro… Asko dira; gaur egungoak eta lehengoak. Baina proposatzen didan edozeini baietz esango nioke. Zeintzuk dira orain eta etorkizunerako dituzun helburuak eta ametsak? Asko ditut. Egunero helburu berriak sortzen zaizkit. Nik uste dut mundura gatozenean zerbaitetarako dela, eta bizitza zorte bat dela. Uste dut munduan egon zarela igarri behar dela; zerbait egin behar duzula, horrela, ez zaudenean, munduak zu zer edo zergatik gogoraraztea. Eta zure helburuak betetzeko zer laguntza eduki duzu? Ama daukat beti alboan. Aholku asko ematen dizkit, eta beti dago laguntzeko. Caballesek eman dit aukera hau, eta ez dut sinistu ere egiten. Hain pertsona garrantzitsua izanda beragaz grabatzeko aukera ematea asko eskertzen diot. Antoniok ere entzun ditu abestiak; ez du parte hartze finko bat izan proiektuan, baina interesa izan du. Entzun egin ditu, eta asko gustatu zaizkiola esan dit. Horrek ere lagundu dit.“Jhon Caballes ekoizleari asko eskertzen diot eman didan aukera”