Asiako liztorraren 2.231 habia kendu zituzten iaz, Bizkaian
Habia gehienak 2016an martxan jarritako protokoloa jarraituz kendu zituzten. 'Vespa velutina' espeziaren hazkundea moteldu egin dela ondorioztatu duteBizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Asiako liztorraren 2.231 habia kendu ziren iaz Bizkaian....
Habia gehienak 2016an martxan jarritako protokoloa jarraituz kendu zituzten. ‘Vespa velutina’ espeziaren hazkundea moteldu egin dela ondorioztatu dute
Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Asiako liztorraren 2.231 habia kendu ziren iaz Bizkaian. Vespa velutina deritzon erlearen habia gehienak (1.949) Basalan foru enpresa publikoak suntsitu zituela esan dute. Udalek, ostera, hamabost kendu dituzte, eta gainerako 267ak Bizkaiko Suhiltzaile Zerbitzuak. Habia guztiak 2016an aldundiak martxan jarritako protokoloa erabiliz kendu zituztela gaineratu dute.Halaber, iazko urtean 2016an baino habia gutxiago kendu zirela azaldu dute. «2016tik 2017ra %12 jaitsi da Asiako liztorraren habien neutralizazioa. Horren azalpena izan ahal da espeziearen populazioaren hazkundea moteldu izana».
Habia gehienak abuztuan (358), urrian (410) eta azaroan (356) kendu zituztela diote. «Hilabete horiek Asiako liztorraren jarduerarik handieneko sasoiak dira, eta zuhaitzek ere hostoa galdu egiten dutenez, habiak agerian geratzen dira».
Espeziearen bilakaera
Iaz, gainera, Vespa velutina espeziearen hedapena geldiarazteko eta erlezaintzaren sektoreari laguntzeko, Asiako liztorraren jarduerarik handieneko sasoian bertoko erlearen erlautzak Bizkaiko leku garaietan kokatzeko proiektua abian jarri zuten, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak bultzatuta. «Proiektu hori BAMEPE erlezain elkartearen proposamenari jarraituz sortu zen. Horrela, Gorbeia inguruan zortzi kokagune baimendu zituzten, horietatik sei parke naturalaren barruan zeuden». Uda sasoian sei erlezainek egin zuten transhumantzia, eta 240 erlauntz kokagune horietara eraman zituzten. «Euren asmoa da ekimena sendotzea eta parte hartze handiagoa lortzea».
Protokoloa
Asiako liztorraren kontrako protokoloa 2016ko uztailaren 1ean hasi zen funtzionatzen, eta Bizboko Udalak izan ezik, Bizkaiko gainerako udal guztiek parte hartzen dute. «Toki erakundeek funtsezko eragina daukate protokoloan. Izan ere, bizilagunen abisuak jasotzen dituzten lehenengoak dira, eta habiak Vespa velutina-renak direla egiaztatzen dute».
Abisu horiek guztiak aldundiak beren-beregi garatutako aplikazio informatiko batean erregistratzen dira. Udalek denbora errealean kontsultatu ahal dute, eta abisua ematen duen herritarrei esan ahal diete aipatu habia erregistratuta dagoen edo ez. Erregistratuta badago, suntsituta dagoen edo ez ere esan ahal diete. «Aplikazioak abisua igortzen dio Basalan enpresari, eta egoera berezietan, suhiltzaileei».
Protokoloa indarrean jarri zenetik, suhiltzaileen mota horretako jarduerek «nabarmen behera egin» dutela esan dute. «Sistema horri esker, suhiltzaileen baliabideak erabilgarri egon dira beste larrialdi egoera batzuetarako».