Berdintasunerako diru laguntzak, telematikoki
Aldundiaren Gobernu Kontseiluak diru laguntzei buruzko bi dekretu onetsi ditu asteon egindako bileran. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko lana babesten dutenak eta eskaerak aurkezteko egoitza elektronikoan bide telematikoa estreinako a...
Programa horientzat 398.000 euroko aurrekontua dauka. Hortik 270.000 euro emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko jarduerak bultzatzen dituzten dirua irabazteko asmorik gabeko erakundeen proiektuetarako dira, eta 128.000 euro emakume elkarteen proiektuetarako.
Proiektu bakoitzeko, gehienez, 6.000 euroko diru laguntza emango da dirua irabazteko asmorik gabeko erakundeen kasuan, eta 5.000 eurokoa emakume elkarteen kasuan.
Diru kopuru beragaz, iaz, dirua irabazteko asmorik gabeko erakundeen 47 proiektu eta 32 emakume elkarteren proiektu diruz lagundu zituen.
Ahalduntzea eta autonomia
Banakako eta taldeko ahalduntzearen eta emakumeen autonomia eta parte hartze soziopolitikoaren aldeko ekintzak, proiektuak eta programak sustatzea eta bultzatzea da aldundiaren helburua, emakumeak esparru publikoan aintzatestea eta ikusaraztea bultzatuz, besteak beste.
Horregaz batera, gizartearen kontzientziazioa eta lankidetza bultzatu beharra ezinbestekoa dela uste dute, emakumeen aurkako indarkeriaeri aurre egiteko neurriak hartu, eta errotik desagertzeko. «Horretarako, funtsezkoa da maskulinitate berriak sustatzea, mikromatxismoak identifikatzea eta horien aurka borrokatzea zein baterako hezkuntzaren bitartez lan egitea, bizitza pertsonala, lana eta familia uztartzea eta erantzukidetasuna sustatu beharra dagoela ahaztu barik».
Diru laguntzei buruzko dekretuagaz aldundiaren eta emakumeen elkarte zein erakunde feministen arteko elkarrizketa eta lankidetza erraztu nahi dute, Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Foru Planaren testuinguruan: «Gizartea eraldatzeko baloreak eta jarrerak eta gizartearen egitura eta antolamendua aldatu behar izateak dakartzan zailtasunak direla eta, ezinbestekoa da administrazio publikoaren eta herritarren arteko lankidetza estuan jardutea».