Bi hamarkada eta erdiko ibilbidea egin du Bermeoko Xixili Gimnastika Taldeak, eta ekimenez bete gura dute urteurren berezi hau
Xixili Gimnastika Taldearen 25. urteurrena merezi moduan ospatzeko askotariko ekintzak prestatu dituzte.
Urteurren berezian, kluba egiten ari den lanaren eta bertako kideen ahaleginak, esfortzuak eta lorpenak jakinaraztea dute helburu: “Herritarrei gure taldeak eta gure kirolariek egiten duten lana erakustea da helburua, guztiok gimnastika erritmikoarekin gozatu ahal izateko. Era berean, emakumeek kirolean duten presentzia ezagutzera emateko bidea ere izango da; gure kirolariek egiten duten lana eta ahalegina balioan jarriz”.
Klubaren ibilbidea argazkiekin eta mailotekin laburbilduko duen
erakusketa prestatzen ari dira. Ekainaren 8tik 17ra jarriko dute ikusgai Nestor Basterretxea Aretoan, eta urrian Gernika-Lumoko Astran izango da. “Mailotak ikusgarriak dira, eta horiek zelan aldatu diren ikusiko da erakusketan. 25 urtetan zenbat jende pasatu den erakutsiko du; 2.000 ume aritu dira Bermeon, eta beste 2.000 Gernika-Lumon”. Taldearen historia laburbilduz ikus-entzunezko bat ere egingo dute erakusketarako.
Ikasturtea modu berezian borobilduko dute aurten.
Ekainaren 16an, ikasturte amaierako ekitaldiagaz batera, herri bazkaria egingo dute. Gaur egun klubean dauden, eta aurretik egon ziren kirolariak, entrenatzaileak eta gurasoak elkartu gura dituzte egun horretan, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte.
Albuma agortuta. Aldizkaria kaleratzeko asmoa dute, eta babesle bila ari dira. “Aldizkariagaz kirol hau balorean jarri gura dugu, 25 urteetako ibilbidea laburbiltzeagaz batera”. Horretarako,
taldearen historiagaz eta kirol honekin zerikusia dutenen
elkarrizketakaz osatu gura dute
aldizkaria.
Kirolari eta entrenatzaile guztiak biltzen dituen albuma ere kaleratu dute. Diru sarrera bat izateagaz batera, kirola bera eta taldeko gimmastak ezagutarazteko asmoz egin dute, eta arrakasta izan du, agortuta baitago. Kromoak oraindik ere eskuratu daitezke Bermeoko Danatarik dendan, Loli kioskoan, Hugo gozoki dendan, Luma liburudendan eta Areneko Kiroldegiko tabernan, eta Gernika-Lumoko Samaitz gozoki dendan, Berezi liburudendan eta JM bideoklubean.
Ezkerretik eskumara, Gotzone Goienetxea eta Bego Usandizaga Xixiliko ordezkariak eta Irune Ormaetxea Kirol zinegotzia, gaur egindako agerraldian.
Halaber,
Xixili Torneoa ere
berreskuratuko dute. Diru faltagatik azken bi urteetan ezin izan dute egin, baina azaroan egingo dute. Ligatik eta federaziotik kanpo egiten den torneoa da; jendeak gimnastika erritmikoaz gozatzeko aukera eskaintzen duen ikuskizun bat da: “Maila altuko klubak ekartzen saiatzen gara. Kirolari trebatuak, federatuak biltzen dira”.
Abenduan kirol desberdinetako herriko klubek egiten dugun jaialdia ere erakuslehio oso ona izango dela zehaztu dute: “Urte amaieran Gernikan eta Bermeon egiten dugu, eta aurten zerbait berezia egingo dugu”.
Sorrera. Klubaren historian leku esanguratsua dute
Andres Uriondok eta Bego Usandizagak. 1993. urtean eurek eman zituzten hasierako pausoak, eta senar-emazteak izan dira klubaren zutabe nagusietako bat. Sorreratik klubaren ibilbide osoa bizi izan dute. Usandizaga da gaur egungo presidentea; hamazortzi bat urte daramatza karguan, eta bere senarra izan zen klubaren lehenengo presidentea.
Zelanbait esateko, kasualitatez sortu zen kluba, herrian zein
eskualdean erreferente izatera ailegatu da. Usandizagak gogoan dauka herrian eman zuten lehen erakustaldia: “Donostian bizi ginela Club Donosti eratu genuen, eta gure alaba bertan ibili zen. Lanagatik hona etorri ginenean, Bermeon neskentzat halako kirolik ez zegoela-eta, erakustaldi bat egiten ekarri genituen Donostiako neskak. Artza frontoiko erakustaldia amaituta, 60 bat ume hurbildu ziren galdezka. 60 bat ziren sorreran, eta orain 200 umegaz gaude”.
Jende asko pasatu da klubetik, eta urteurren honetako ospakizunetan klubean “giltzarri” izan diren pertsonak ere nabarmendu gura dituzte. Haien lana goraipatu eta eskertu gura dute. Horietako bat da urte askotan entrenatzaile izan zen eta orain dela hiru urte zendu zen
Macarena Milla. Irune Ormaetxea Kirol zinegotziak udalaren aldetik klubak egin duen eta egiten duen lana eskertu du. “Batez ere Andres Uriondok eta Macarena Millak egindako lana goraipatu gura dugu. Macarena Bermeora etorri zen lehenengo entrenatzailea izan zen. Urteetan lan ikaragarria egin du, eta herrian benetan maila lortu bada berari esker izan da”.
Entrenatzaile oso onak eduki dituztela azpimarratu dute. Beti saiatu dira profesional onak ekartzen, eta esaterako, Bulgariatik eta Kataluniatik etorritako entrenatzaileak izan dituzte. “Alde horretatik ere maila altua izan da beti. Bi entrenatzaile eta bost laguntzailegaz entrenatzen dugu orain2, zehaztu du Gotzone Goienetxea Xixiliko kideak.
Egindako lanari esker, erreferente izatea eta
talde oso sendoa osatzea lortu dute. Maila oso altua dago, eta hori agerian utzi dute Euskal Herriko zein Espainiako Txapelketetan. Ez da bakarrik herrian, eskualde osoan. Izan ere, Busturialdeko herri askotako ume eta gaztetxoak batzen ditu Xixilik, eta eskualdetik kanpoko kirolariak ere badira eta izan dira klubean.
Momentuz aurreikusi dituzten ekintzak aurkeztu dituzte gaurko agerraldian, baina ekintza gehiago egitea ere gustatuko litzaiekeela adierazi dute. Besteren artean, Bermeoko eta Gernika-Lumoko jaietan presentzia bereziren bat izatea da euren xedea.
Asteburu honetan. Diru iturriak han eta hemen lortzen ari dira, eta babesleen bidez ez ezik bestelako ekintzekin dirua eskuratu gura dute, urteurreneko ekitaldiak ahalik eta osatuenak izan asmoz. Domekan, esaterako,
Eskolarteko txapelketa dute Gernika-Lumoko Santanape Kiroldegian, eta pintxoak salduko dituzte.
Bestalde, zapatu arratsaldean federatuen
Bizkaiko Txapelketa jokatuko dute
Bermeoko Arene Kiroldegian.