Roke Alberdi Jaiok joko ona erakutsiz debutatu du Mexikon
Roke Alberdi Jaiok domekan jokatu zuen debuteko partidua Mexikoko frontoian. Galdu arren, adituen kritika onak jaso ditu puntista gernikarrak.Osornogaz bikotea osatuta, Ladutxe eta Etxenikeren kontra jokatu zuen. Bi set-ak galdu zituzten; 15-9 amaitu z...
Osornogaz bikotea osatuta, Ladutxe eta Etxenikeren kontra jokatu zuen. Bi set-ak galdu zituzten; 15-9 amaitu zuten lehen set-a, eta 15-11 bigarrena.
Gaueko lehen partidua izan zen. Alberdiren jokoa asko gustatu zitzaien frontoian bildutako aditu eta zaleei.
Partiduak jokatu ahala, jokoa hobetuko duela uste dute, eta aurtengo denboraldian zeresana emango duen puntista dela azpimarratu dute. Hain zuzen, «eskuma ona duela eta bi aldeetatik errebotatzen duela» zehaztu dute adituek, gernikarraren indarra nabarmenduz.
Osorno ez zen fin ibili, eta hori ondo aprobetxatu zuten aurkariek. Ladutxek partidu oso ona burutu zuen, eta harentzat izan ziren zaleen txalo gehienak. Bi pareta ikusgarriekin eta errebeseko erreboteekin aho zabalik utzi zituen harmailetan zeudenak. Etxenikek ere harrituta utzi zituen ikusleak, zortzigarren koadrotik egindako bi paretagaz.
Partidu nagusia
Beste alde batetik, Egiguren-Inza eta Patxi-Lopez bikoteen artekoa izan zen gaueko partidu nagusia, eta lau pilotarien artean Egiguren Magoa gailendu zen.
Partidua ez zen oso ikusgarria izan, baina erremate eta errebote izugarriez gozatzeko aukera izan zuten pilotazaleek. Lopezek, esate baterako, ikusleak zutik jarri zituen zenbait momentutan.
Bikote bakoitzak set bana irabazi zuenez, (15-11 eta 13-15) berdinketa hausteko set-a jokatu zuten, eta 5-1 irabazi zuten Egigurenek eta Inzak.
Gaueko azken partiduan Polancok eta Esteban de Lagarretak (debutatu egin zuen) eskuratu zuten garaipena. 15-14 eta 15-8 nagusitu zitzaizkien Ortega eta Mauriciori.