Eskualde guztietan turismo eskaintza hobetzeko tresna jarri du Bizkaiko Aldundiak
Eskualdeetako turismo-informazio bulegoetara doazenei egindako inkestekin eta elkarrizketekin osatuko dute. 2017an bisitarien errekor berri bat lortu dela dio Imanol PadralesekBizkaiko Foru Aldundiak turismoaren analisi kualitatiborako tresna berri bat...
Eskualdeetako turismo-informazio bulegoetara doazenei egindako inkestekin eta elkarrizketekin osatuko dute. 2017an bisitarien errekor berri bat lortu dela dio Imanol Padralesek
Bizkaiko Foru Aldundiak turismoaren analisi kualitatiborako tresna berri bat ezarri du. 2008tik urtero egiten den Behatokiaren datuez gain, monitore berri bat egongo da, eskualdeetako turismo-informazioko bulegoetara jotzen duten bidaiariei egindako inkesta eta elkarrizketen bitartez osatuta.Foru aldundiak eman berri dituen datuen arabera, bisitariak bertoko paisaiak, kulturak, gastronomiak eta jendeak erakarrita egiten dituzte egonaldiak. Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak Bizkaira datozen bisitarien esperientziak aztertzearen aldeko apustua sendotu du, eskualde guztietan turismo eskaintza hobetzeko helburuagaz.
Hainbat alderdiri buruz bidaiariek zein iritzi duten ezagutzeko dira aipatu bi azterlanok. Turistek lurraldeaz lehendik dakitenari buruz, bidaiaren arrazoiez, hautatzen duten ostatu motaz, egiten duten gastuaz, hobetuko lituzketen gauzez eta egin dituzten txangoei buruzko informazioa jasotzen dute.
Ostatuak
Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak eta Asier Alea Kanpo Sustapenerako eta Turismorako zuzendariak azaldu dutenez, eskualdeetako ostatu eskaria ezagutu gura izan dute. «Turismo jardueraren mota desberdinak adierazten dizkiguten aldeak sumatzen dira».
Urdaibai, Enkarterri eta Urduña bisitatzen dituztenek gehienbat hoteletan eta landa-hoteletan hartzen dute ostatu. Lea-Artibain zein Uriben, kanpinetara jotzen duten bisitarien portzentaia «esanguratsua» da, baita autokarabanentzako aparkalekuetara joaten direnak ere. Getxon, Portugaleten eta Santurtzin, ostera, hotelak, apopilo-etxeak eta hostelak dira nagusi.
Beste urte batez, bisitariek egin duten balorazio ona nabarmendu da. «Bilbao-Bizkaia helmugaren balorazioa bikaina da. 2017an, 10etik 9 puntukoa da bisita egin dutenen balorazioa. Bizkaia harritu egiten duen helmuga paregabea da. Paisaiagatik, gastronomiagatik, arkitekturagatik, kulturagatik eta, batez ere, bertoko jendearengatik da paregabea», azaldu du Imanol Pradalesek. Diputatuaren berbetan, bisitari kopuruaren errekor berri bat hautsi da 2017an. «Bidaiariari eskaintzen diogun esperientziari erreparatuta ere aurrerapen garrantzitsuak lortzen ari gara. Bisita egin digutenen gogobetetze maila bikaina da».