Uni frontoiak Emakume Master Cupeko bi jardunaldi hartuko ditu
Domekan promozioko kanporaketak eta Leire Etxaniz-Olatz Arrizabalagaren eta Olatz eta Maite Ruiz de Larramendiren arteko Lehen Mailako partida jokatuko diraMarkina-Xemeinera ailegatuko da domekan eskuz binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelke...
Domekan promozioko kanporaketak eta Leire Etxaniz-Olatz Arrizabalagaren eta Olatz eta Maite Ruiz de Larramendiren arteko Lehen Mailako partida jokatuko dira
Markina-Xemeinera ailegatuko da domekan eskuz binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa. Jardunaldi bi jokatuko dira Pilotaren Unibertsitatea frontoian, lehena domeka honetan eta bigarrena martxoaren 4an. Joseba Iraolagoitia Markina-Xemeingo Udaleko Kirol zinegotziak, Iker Amarika txapelketaren zuzendari teknikoak eta Leire Etxaniz pilotariak aurkeztu zituzten jaialdiak atzo, Markina-Xemeingo udaletxean egindako ekitaldian.Iaz Emakume Biragaz egin bezala, aurten Emakume Master Cup laguntzea erabaki du Markina-Xemeingo Udalak. «Markina-Xemeingo Udala emakumeen kirola sustatzearen aldekoa denez, guztira jardunaldi bi izango ditugu Unin, eta epaile ofizialak beteko duen akta ere gorde egingo dugu», azaldu du kirol zinegotziak.
Markina-Xemeingo pilotalekuak daukan historiari erreferentzia eginez, otsailaren 25ean berriz ere historia egingo dela azpimarratu du bai eta ere Iraolagoitiak, «lehenengo aldiz esku pilotako emakumeek zuriz, federatu mailan eta txapelketa ofizial batean jokatuko dutelako».
Pilotarien artean egongo da Leire Etxaniz etxebarritarra. «Bera da gaur egun esku pilotako emakumeen artean pilotaririk onena eta erreferentea. 2017an eskuz binakako txapelketa irabazi zuen Zornotzan jokatu zen finalean, eta Sopelan jokatu zen lau t’erdikoko finaleko txapela ere ekarri zuen etxera», aitatu du Iraolagoitiak.
Iratxe Ibarra pilotari markina-xemeindarra ere aurtengo Emakume Master Cup jokatzekoa zela azaldu du. «Berrizko Nuria Telleriagaz bikotean jokatzeko eman zuen izena norgehiagokan, baina lesio baten ondorioz ezin izan du txapelketan parte hartu». Promozio mailako faboritoen artean zegoen, gainera, Ibarra, adituen iritziz. «Lau t’erdikorako seguru prest izango dela, eta ilusio handiagaz parte hartuko du».
Partiduak
Domeka honetan 17:00etatik aurrera Promozio Mailako hiru partida eta Lehen Mailako bat jokatuko dira Pilotaren Unibertsitatea frontoian. Alde batetik, promozio mailako hiruko sariketa bat jokatuko dela azaldu du Iker Amarikak. «Hiruko horretan Maialen Gantzarain (Lizartza) eta Naia Ugarriza (Orozko) izango dira lehenengo bikotea; bigarren bikotea Maite Tolosa (Amezketa) eta Ane Arteaga (Lasarte-Oria); eta hirugarren bikotea Leire Galdos (Donostia) Irati Otaegi (Anoeta)». Promozio mailako azken kanporaketa izango da domekakoa, jardunaldi horretako bikote onenak aurrera egin eta hurrengo asteburuko final laurdena jokatuko du.
Bestalde, Lehen Mailako bigarren taldeko kanporaketa bat ere egongo da, eta Leire Etxaniz etxebarritarrak eta Gautegiz Arteagako Olatz Arrizabalagak osatutako bikotea Olatz eta Maite Ruiz de Larramendi Eulateko ahizpa nafarren kontra ariko da. «Ea jendea animatzen den eta datorren Leire Etxaniz zuzenean ikustera. Maite Ruiz de Larramendi ikustekoa da baita. Paleta munduan oso ezaguna da, mundu mailako txapelduna izan zelako hainbat urtean ezker paretan eta trinketean, eta Markina-Xemeingo pilotalekuan ikuste- ko aukera egongo da», animatu du Amarikak.
Joan den asteburuan Larrabetzun jokatutako kanporaketaren ondoren, Martxoaren 4an promozio maila jokatuko duten sei bikote jada zehaztuta daude: Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo azpeitiarrak, Naroa Elizalde (Zubieta) eta Araitz Eizagirre (Arrua), Jone Goiri eta Ane Baraiazarra larrabetzuarrak, Maddi Unanue (Azpeitia) eta Naroa Agirre (Zestoa), Ainhoa Urien (Abadiño) eta Amaia Vicario (Donostia) eta Nagore Aramendi eta Oihana Unanue azpeitiarrak. Horiek eta asteburu honetan sailkatzen diren pilotariek final laurdenak jokatuko dituzte Markina-Xemeingo pilotalekuan. Iker Amarikak azaldu duenez, lau partidu jokatuko dira Unin, eta hor erabakiko da ze bikote igaroko den finalerdietako kanporaketara.
Etxean jokatzen
Leire Etxanizek 14 urtegaz utzi behar izan zion pilotan jokatzeari, eta, ordutik, ez du berriz Markina-Xemein edo inguruetan jokatzeko aukerarik eduki. Hori dela eta, gazte mailan jokatzen ibilitako frontoira itzultzeko ilusio handiagaz agertu da Etxebarriko pilotaria. «Ostera ere bertan jokatzea poztasun handia da, ea lortu ahal dugun finalaurrekoetara sailkatzea, eta ea aurten ere finalera heldu eta gerra apur bat ematen dugun txapela irabazteko», adierazi du.
Markina-Xemeinen jokatuko diren jaialdi biek eta gaur egun pilota munduan erreferente den Leire Etxaniz jokatzen ikusteak neska gehiago pilotan jokatzera animatu dezakeela uste dute txapelketaren antolatzaileek. «Eskaintza hor dago, pilota eskola hor dago, aukerak badaude, eta animatu baino ez dira egin behar herriko neskatilak. Pilotan jokatzea kirol polita da, eta orain, pilota bigunagaz emakumeen artean erantzuna oso ona izan dela ikusi dugu», aitatu du Iker Amarikak.
Markina-Xemeinen jokatuko diren jaialdi bietako partidak maila onekoak direla azpimarratu dute txapelketaren arduradunak, eta emakumeen pilotaz gozatzera animatu dituzte herritarrak eta inguruko herrietako bizilagun guztiak. Jaialdietako sarrera doakoa izango da.