Gironaren kontra galdu arren, Lointek Gernika Bizkaiak maila ona erakutsi du
Gernika-Lumoko taldeak 67-79 galdu du Emakumezkoen Ligaren sailkapeneko bigarrenaren kontra. Mario Lopez entrenatzailea omendu dute, gorengo mailan bete dituen 100 neurketengatikLointek Gernika Bizkaiak 67-79 galdu zuen Gironaren aurka domekan. Jendetz...
Gernika-Lumoko taldeak 67-79 galdu du Emakumezkoen Ligaren sailkapeneko bigarrenaren kontra. Mario Lopez entrenatzailea omendu dute, gorengo mailan bete dituen 100 neurketengatik
Lointek Gernika Bizkaiak 67-79 galdu zuen Gironaren aurka domekan. Jendetza batu zen etxeko taldearen eta Dia Liga irabazteko faborito nagusienetako baten arteko lehiaz gozatzeko.Zaleek zein bi taldeetako jokalariek ere ez zuten hutsik egin; ikuskizun ederra eskaini zuten. Talde katalana erregularrago aritu zen, erasoko jokaldietan orekatuago, eta erreboteetan nagusitasuna erakutsiz. Lointek ere bere mailan aritu zen, eta batik bat hirugarren laurdenean nabarmendu zen.
Partidua hasi eta bost minutura 6na berdinduta zeuden. Hasierako minutuetan Girona nabarmendu zen kantxan, eta, batez ere, Nadia Colhado jokalaria. Defentsako erreboteen erregina izan zen, eta erasoan eskuratzen zuen baloi bakoitza saskiratzen zuen. Lointekeko Dongue eraginkor aritu zen, eta Caldewll, ostera, nahi eta ezinean. Naiara Diez kapitainaren kantxaratzea erabakigarria izan zen, eta partiduak erritmoa hartu zuen.
7-24ko markagailuagaz ekin zioten bigarren laurdenari. Gironako Maria Conde hegaleko jokalariak lan handia egin zuen etxeko defentsa saihesteko. 21-29ko markagailuagaz zeudela, Jesus Marcos Martinez epaileak min hartu zuen, eta neurketa gelditu behar izan zuten ia hamar minutuz.
Tarte horren ondoren, Lointek aukaria baino hobetu aritu zen. Dongue distiratsu zebilen, eta Alstonek beste pauso bat gehiago ematea lortu zuen. Ondorioz, bi puntuko aldeagaz heldu ziren atsedenaldira: 35-37.
Hirugarren laurdenean heldu ziren etxeko taldearen minutu onenak. Aurkaria estu hartu, baloia errekuperatu eta aurkariarengan huts egiteak eragin zituzten. Caldwell erasoan bizi eta Pina eraginkor aritu zen. Talde lan sendoa burutu zuen. Eta Eric Suris Gironaren entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen. Egoera geldiarazteko konponbideren bat behar zuen, eta asmatu zuen. 56-56ko berdinketagaz heldu ziren azken laurdenera.
Azken txanparen lehenengo minutuetan amaitu zen markagailuak erakusten zuen berdintasuna. Atzean sendo arituz, baloia errekuperatuz eta kontraerasoan asmatuz errenta handitu zuen Gironak. Dongueren eta Caldwellen lau faltek eragin zuzena izan zuten etxekoengan, eta 64-68ko markagailuak esperantzarako tartea utzi bazien ere, ez zuen asko iraun. Gironak ondo borobildu zuen partidua azken minutuetan.
100 partidu
Gernika-Lumoko taldeak laugarren denboraldia du emakumezkoen gorengo mailan, eta Mario Lopez entrenatzaileak tarte horretan 100 partidu zuzendu dituela ospatzeko omenaldia jaso zuen.
Hain zuzen, aurreko jardunaldian Movistar Estudiantesen kantxan jokatutakoa izan zen ehungarrena, baina klubak etxeko zaleen aurrean eskertu eta aitortu gura izan du gernikarraren lana. Eduardo Candina presidenteak 100 zenbakidun dortsala oparitu zion, Malosten bildutakoen txalo artean.