Arrakastatsua izan da eskola kirolari buruzko mahai ingurua
Eskola kirolari buruzko mahai ingurua egin zuten barikuan, Lekeitioko kultur etxean, Zapran gagoz Euskal Eskola Publikoaren 27. Jaiaren baitan. Saioa oso ondo atera zela eta denaren gainetik «interesgarria» izan zela esan dute parte hartzaileek.Guzti...
Guztira 70 lagun inguru batu ziren. «Azkue aretoa ia-ia bete egin zen», esan dute antolatzaileek. Hizlariak ondokoak izan ziren: Eli Ibarra, Koikili Lertxundi, Luis Mari Zulaika eta Maitane Toledo. Carlos Sergio aldundiko ordezkaria ere parte hartzekoa zen, baina ezin izan zuen etorri, «gaixorik zegoelako».
Halaber, hizlari guztiak ondo-ondo prestatuta joan zirela azpimarratu dute antolatzaileek. «Eskola kirolaren alorrean esperientzia handikoak izateaz gain, informazio interesgarria eskaini zuten, eta entzuleek eskertu zuten».
Hasiera batean hizlariek ordubete inguruko mahai ingurua egin zuten, baina galderak egiteko tartea zabaldu zutenean, herritarrek ere gogotik parte hartu zuten; saioak bi ordu iraun zuen. «Galderen tarteak beste ordubete iraun zuen; bai hizlariak eta baita parte hartzaileak ere gustura egon ziren».
Herritarrek egindako galderak, hain zuzen ere, interesgarriak izan zirela jakitera eman dute. «Gai interesgarriak atera ziren, eta, orokorrean, oso positiboa izan da mahai ingurua».
Saioaren amaieran, gainera, Lertxundik bere aterpetxerako egonaldi bat ere zozkatu zuen. «Beraz, bertaratu zirenak ezin ziren pozago egon».