Herriko bizi kalitatea «lehentasuna» izango da 2018ko udal aurrekontuan
Foruko Udalak 1.039.000 euroko aurrekontua aurreikusi du. Oinarrizko beharrizanei erantzun nahi diote. Iriste erraztasuna bermatzeko, tren geraleku ondoko aparkalekua egokituko dute2018.urteko aurrekontuari hasierako onarpena eman dio Foruko Udalak azk...
Foruko Udalak 1.039.000 euroko aurrekontua aurreikusi du. Oinarrizko beharrizanei erantzun nahi diote. Iriste erraztasuna bermatzeko, tren geraleku ondoko aparkalekua egokituko dute
2018.urteko aurrekontuari hasierako onarpena eman dio Foruko Udalak azken osoko bilkuran. Aurrekontu «apala eta neurrikoa» izango dela azaldu du Foruko alkate Jane Eyre Urkietak. Hain zuzen, 1.039.000 euroko aurrekontua izango dute, eta herriko bizi kalitateak «lehentasuna» izango du.Herritarren oinarrizko beharrizanei erantzuna emateko partidak nabarmentzen direla zehaztu du Urkietak. Hala, zerbitzuetako azpiegiturak hobetuko dituzte, eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) garapen prozesuan aurrera egingo dute. Izan ere, HAPOren erredakzioa aurten amaituko du udalak, eta, horretarako, 30.492 euro gorde dituzte. HAPO gaur egungo eta etorkizuneko beharrizanei egokitutako plangintza izango dela gogorarazi du alkateak.
Gainera, Foruko bideen inbentarioa egiteko 16.940 euro aurreikusi dituzte, «herriko informazio geografikoaren kalitatea hobetzeko».
Bestetik, auzoetako kaleargiak berritzeko partida bat ere gorde dute aurrekontuan. Aurten, hain zuzen, Atxondoa-Giliz inguruan egingo dituzte lanak, 65.000 euroko aurrekontuagaz. Datorren urtean, berriz, Baldatikan egingo dituzte lanok. Baldatikakoagaz herriko landa guneen argiteria berrizteko planagaz amaituko du udalak.
Iriste erraztasuna bermatzeko, berriz, tren geralekuaren ondoko aparkalekua egokitu egingo dute, alkatearen ustez, gaur egun ez dagoelako ondo aprobetxatuta. Horretarako, 15.000 euro erabiliko dituzte.
Herriko bideak konpontzeko asmoa ere badaukate. Modu horretan, Gaitoka inguruko asfaltatze lanak amaituko dituzte, betoizko bide bazterrak eginez. Baldatikarako bidea ere hobetuko dute aurten. Bide segurtasuna bermatzeko, beste alde batetik, Kantale inguruan dagoen bidegorriko puntu beltza kentzeko asmoa daukatela ere iragarri dute.
Diru laguntzak mantendu
Kanposantuko kapera egokitzeko lanak egitea ere aurreikusi dute, eta beste urte batez, nagusien etxeetan suteak detektatzeko tresnak berrikusiko dituzte, bateriak aldatuz.
Familia behartsuenentzako udal diru laguntzak ere mantenduko dituztela esan du alkateak, bai eta ere herriko dinamizazio soziokulturalaren alde egiten duten kirol zein kultur elkarteei emandako partida.
Era berean, herritar guztiei «kalitatezko kultur zerbitzuak eskaini asmoz», Gernika-Lumon erroldatuta ez dauden erabiltzaileek Santanape kiroldegia erabiltzeko, Segundo Olaeta musika eskolara joateko edota euskara ikasteko Aita Villasante euskaltegian ordaindu beharreko gehigarria ordaintzeko diru laguntzak mantenduko ditu udalak.