Hegaluze kuotari buruz Frantzia eta Irlandagaz hitz egiteko eskatu dute
Espainiak Euskal Herrian duen ordezkariagaz batu ziren eguaztenean arrantzaleen ordezkariak. Kuotak, Brexita eta soberakinak ere izan ziren mintzagai batzarrean mikel santisoHegaluzearen kuota dela eta, Frantzia eta Irlandagaz bilera egiteko eskatu dio...
Espainiak Euskal Herrian duen ordezkariagaz batu ziren eguaztenean arrantzaleen ordezkariak. Kuotak, Brexita eta soberakinak ere izan ziren mintzagai batzarrean mikel santiso
Hegaluzearen kuota dela eta, Frantzia eta Irlandagaz bilera egiteko eskatu diote euskal kofradietako ordezkariek Espainiari.Eguaztenean egin zuten bilera euskal kofradietako arduradunek Espainiak Euskal Herrian duen ordezkari Javier De Andresegaz eta Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariorde Covadonga Aldamiz-Etxebarria eta Jose Luis Herradorregaz. Ordezkariak arrantzaleei esan zien Espainiako Gobernuak badaukala asmoa Europan bazkide dituen Frantzia eta Irlandagaz batzartzeko, hegaluze arrantza iraunkorra izateko.
Lehen aldia da euskal kofradiek eskatuta halako batzar bat egingo dena, beraien ustez «garrantzitsua delako Europar Batasuneko beste herrialdeekin ere harreman zuzena edukitzea arrantza kontuetan». De Andresen eta arrantzaleen ordezkarien arteko batzarrean ikusi ahal izan zen Espainiak Brexitaren kontua dela-eta ematen diola garrantzia Europan bazkide gehiago edukitzeari, tartean arrantza kuoten aldaketak egiteko. Esaterako, garrantzia handia eman zioten Frantziagaz hegaluze eta hegalaburraren kuotak zehazteari. Iaz, ontzi irlandarrak euskal portuetan euren arrantzuak lehorreratzen hasi zirenean egonezina sortu zen euskal arrantzaleen artean. Kontua da Irlanda orain Brexitaren inguruko negoziaketetan bidelagun ona izan daitekeela, Erresuma Batuaren irteerak galdera asko uzten baititu airean Gran Sol inguruan dabil- tzan euskal ontzientzat.
Harremana sendotzea
Esan dutenez, bilerak arrantzaleen ordezkarien eta Espainiako estatuaren arteko harremana indartzeko balio izan zuen, harreman estuagoa edukitzea beharrezkoa delako arazoak konpontzeko. Arazo horien artean, kuoten banaketa izan zen bat. Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradietako ordezkariek kuoten banaketa arrazoi batzuen arabera egitea eskatu zuten, arrazoi historikoen arabera, esaterako. Berdelaren eta txitxarroaren kasuan, adibidez, Galiziako ontzien mesedetan egin ziren kuota aldaketak, eta euskal arrantzaleek «kuotak transferitu aurretik galdetzea» eskatu zuten. Iraunkortasuna bermatzeko, espezie batzuen kuoten transferentziak egitea ere beharrezkoa izango dela badakitela aitortu zuten.
Beste arazoetako bat soberakinak izan ziren, hain zuzen, hegaluzearen eta hegalaburraren arrantzan Europar Batasuneko beste ontzi batzuek egiten dituztenak, hainbat arrazoi tarteko. Beraien esanetan, euskal ontziek ia hutsera jaitsi dute soberakin kopurua. Egindako arrantzuen deklarazioa ere eztabaidarako gaia izan zen, beste estatu batzuetako banderadunek egiten dituztenak, hain zuzen. Kofradien arduradunek eskatu zioten Javier de Andresi aldiro-aldiro informazio horri buruzko txostenen berri emateko.
Ondarroako Alturako Ekoizleen Elkarteko (OPPAO) ordezkari Kiko Marinek ere Beharrezko Lehorreratzeari buruz hitz egin zuen. Kezka azaldu zuen legedi horren aurrean, eta baita Brexitaren eta belaunaldi berrien faltaren aurrean. Atun Izozkailu Ontzien Armadoreen Elkarte Nazionalaren (ANABA) kezka nagusiak Ozeano Indikoko piratek eragiten duten segurtasun falta eta hegal horidun hegaluzeen kuota azaroan amaitu izana izan ziren.