Iazko otsailaren 10ean estreinatu zuen Sare Gernika-Lumok
Aterabidetik lana, eta ordutik, hainbat herritan ikusi ahal izan dute dispertsiometraia. Euskal herritik, baina, Kataluniara salto egingo dute asteburuan, eta hiru egunez, bertako txokoetara zabalduko dute egungo espetxe politikagaz amaitzeko aldarria.
Aterabidetik dokumentala preso politikoen sakabanaketak Gernikan eta inguruan eragin duen egoeraren berri emateko 25 gernikar baino gehiagoren artean sortutako ikus-entzunezko lana da. Helburu horregaz hasi zuen bere bidea duela urtebete. Eta denbora hori igarota ere, bide berean jarraitzen du, han eta hemen.
Jende ezberdinen eta anitzen gehikuntzaren proiektu kolektibo gisa ulertzen dute Aterabidetik haren sortzaileek. Eta testuinguru horretan, ikus-entzunezkoaren zabalkunde edo partekatze lan bat egitea planteatu zuten. Hori horrela, hainbat hizkuntzatara itzultzea erabaki zuten; tartean, katalanera.
Orain arte lanak izan duen ibilbideagaz pozik daude; 20 bat emanaldi egin dituzte
Jon Rementeriagaz batera, dokumentala gidatu duen Ibon Meñikak uste duenez, Kataluniak «elkartasun handia erakutsi du» euskal presoak etxeratzearen gaiagaz, eta herrialde horrek Euskal Herriagaz daukan lotura aintzat hartuta, «aukera ona» ikusi zuten beraien proiektuaren bitartez planteatzen duten gogoeta eta eztabaidarako zubi-lana egitea; are gehiago azkenaldian Kataluniak bizi duen egoera ikusita. Hori horrela, Katalunian beraien lana zabaltzearen hautua hartu eta Aldarricatuz elkarteagaz harremanetan jarri ziren hori posible egitekotan. Hala, elkarte horren laguntzagaz, gaur, bihar eta etzi artean Kataluniako 4 hiritan izango dira, dispertsiometraiaren emanaldi-solasaldi bana eskaintzekotan.
Gaur iluntzean egingo dute lehen saioa Tarragonan, eta bihar emanaldi bi izango dituzte: eguerdian Gironan eta iluntzean Bartzelonan. Laugarren eta azken saioa Lleidan egingo dute bihar arratsaldean, Euskal?Herrirako bueltako bidean.
Hausnartzeko lotura. «Kontzienteak gara euskaldunon urteetako esperientziatik lan pedagogiko bat egiteko aukera izango dutela bertaratutakoek, edota hurbilagotik ikusteko, sentitzeko eta hausnartzeko lotura sortarazi ahalko dugula; izan ere, hainbat urtetan pairatu dugun eta pairatzen jarraitzen dugun espetxe politika sistematiko baten adibideak pairatzen dabiltza azkenaldian Katalunian», azaldu du dokumentalaren gidariak.
Lehen urrunago sentitu zezaketen errealitate bat, gaur egun, «zoritzarrez», gertuago bizi dutela eta, «ariketa interesgarria» izan daiteke dokumentalaren inguruko emanaldi-solasaldia Meñikaren ustez; «bide horretan elementu komunak ateratzeko, eta, agian, espetxe politikaren aldaketa aldarrikatzeko Kataluniatik eta Euskal Herritik indarrak batzeko».
Argazkigintzagaz lotutako lan berri bat abiatuko dute dokumentala eta gero
Orain artean dokumentalak izan duen ibilbideagaz «oso pozik» dira sortzaileak; izan ere, hasierako aurreikuspenak «erabat gainditu» dituzte. Estreinalditik abiatuta, 20 bat emanaldi eskaini dituzte, eta bost hizkuntzatara itzuli dute. «Izandako ibilbide horrek erakusten du proiektuan parte hartu dutenek lan polita eta sorkuntza aldetik lan ona egin dutela, eta, era berean, gehiengo sozialaren nahia dispertsioa iragana izatea dela».
Proiektu bat hasi egin behar da, «ondo hasi», baina horren ostean, «garatu eta ahalik eta tresna izaera zabalena eman» behar zaio, baina, «bukatzen ere jakin behar da». Horregatik, martxoaren 2an Gernika-Lumoko Astran amaiera ofiziala emango diote Aterabidek-en ibilbideari. Gernikan hasitako bidea Gernikan bukatu nahi dute, baina aurreratu dute ez dela «ohiko emanaldi» bat izango; «ekitaldi guztian lotura lana egingo duena baizik».
Martxoaren 2ko hitzordua hurrengo proiektuaren oinarri berri bihurtzeko baliatuko dute; «egun horretako ekitaldiagaz, beraz, berretsi egingo dugu bere garaian iragarri genuen proiektu berria martxan jarriko dugula 2018an». Hain zuzen, argazkigintzagaz lotura izango duen lana izango da, eta badabiltza dagoeneko lehen harritxoak jartzen. «30 urtetan dispertsio politikak Gernika eta inguruetako zenbat jenderi eragin dion islatuko dugu. Hori irudikatu, azalarazi eta azpimarratzeko argazkien bitartez egitea pentsatu dugu, eta horren atzean daudenen aurpegien argazkia islatuko dugu». Beraz, aurrekoproiektuagaz bukatuko dute, hurrengokoa indar gehiagogaz abiatzeko.