2018.urteko aurrekontuari hasierako onarpena eman dio Foruko Udalak, azken osoko bilkuran. Aurrekontu «apala eta neurrikoa» izango dela azaldu du Foruko alkate Jane Eyre Urkietak. Hain zuzen
, 1.039.000 euroko aurrekontua izango dute, eta herriko bizi kalitateak «lehentasuna» izango duela nabarmendu du.
Foruko tren geraleku ondoan dagoen aparkalekua; aurten, egokitu egingo dute.
Aurtengo udal aurrekontuan
herritarren oinarrizko beharrizanei erantzuna emateko partidak nabarmentzen dira. Hala, zerbitzuetako azpiegiturak hobetuko dituzte eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) garapen prozesuan aurrera egingo dutela jakitera eman du alkateak. Izan ere,
HAPOren erredakzioa aurten amaituko du Foruko Udalak, eta, horretarako, 30.492 euro gorde dituzte. HAPOa gaur egungo eta etorkizuneko beharrizanei egokitutako plangintza izango dela gogorarazi du.
Gainera, Foruko
bideen inbentarioa egiteko 16.940 euro aurreikusi dituzte, «herriko informazio geografikoaren kalitatea hobetzeko».
Kaleargiak berritzen. Bestalde,
auzoetako kaleargiak berritzeko partida bat ere gorde dute . Aurten, hain zuzen, Atxondoa-Giliz inguruan egingo dituzte lanak, 65.000 euroko aurrekontuarekin. Datorren urtean, berriz, Baldatikan egingo dituzte lanok, eta horrekin landa guneen argiteria berritzeko planagaz amaituko dute.
Iriste erraztasuna bermatzeko, berriz,
tren geralekuaren ondoko aparkalekua egokituko dute. Gaur egun, alkatearen arabera, ez dagoelako ondo aprobetxatuta. Horretarako,
15.000 euro erabiliko dituzte.
Herriko bideak konpontzeko asmoa ere badaukate. Modu horretan, Gaitoka inguruko asfaltatze lanak amaituko dituzte, betoizko bide bazterrak eginez, eta Baldatikarako bidea ere hobetuko dute. Bide segurtasuna bermatzeko, bestalde, Kantale inguruan dagoen bidegorriko puntu beltza kentzeko asmoa ere iragarri dute.
Diru laguntzak mantendu. Kanposantuko kapera egokitzeko lanak egitea ere aurreikusten du udal aurrekontuak, eta beste urte batez, nagusien
etxeetan suteak detektatzeko tresnak berrikusiko dituzte, aurten bateriak aldatuz.
Familia behartsuenei udalak emandako diru laguntzak ere mantenduko dituztela esan du alkateak, eta herriko dinamizazio soziokulturalaren alde egiten duten
kirol zein kultur elkarteei emandako diru laguntzen partida ere mantenduko dute.
Era berean, herritar guztiei «kalitatezko kultur zerbitzuak eskaini asmoz», Gernika-Lumon erroldatuta ez dauden erabiltzaileek, Santanape kiroldegia erabiltzeko, Segundo Olaeta musika eskolara joateko edota euskara ikasteko Aita Villasante euskaltegian ordaindu beharreko gehigarria ordaintzeko diru laguntzak mantenduko dituela azaldu dute Foruko Udaletik.