Bidebarrietako sutean kea arnasteagatik sei pertsona artatu behar izan dituzte
Bermeoko Alde Zaharreko Bidebarrieta kaleko 15. zenbakiko lehenengo solairuan piztu zen sua, atzo goizean. Hamabi bizilagunek etxebizitzetatik kanpo lo egin behar izan duteAtzo goizean, berriz ere, Bermeoko Alde Zaharreko bizilagunen artean ikara izan ...
Bermeoko Alde Zaharreko Bidebarrieta kaleko 15. zenbakiko lehenengo solairuan piztu zen sua, atzo goizean. Hamabi bizilagunek etxebizitzetatik kanpo lo egin behar izan dute
Atzo goizean, berriz ere, Bermeoko Alde Zaharreko bizilagunen artean ikara izan zen nagusi. Oraingoan, Bidebarrieta kaleko etxebizitza batean piztu zen sua. Hain zuzen ere, aipatu kaleko 15. zenbakiko lehenengo solairuan gertatu zen ezbeharra, 11:25ean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera.Bermeoko Udaletik jakitera eman dutenez, sei pertsona artatu behar izan zituzten kea arnasteagatik, horietako lau Gernika-Lumoko eta Galdakaoko ospitaletara eroan behar izan zituzten.
Gernika-Lumoko eta Basauriko suhiltzaileen etxeetako hiru kamioi bertaratu ziren sua itzaltzeko lanak egitera. 12:15ak aldera, sutea kontrolpean zuten suhiltzaileek, eta gunea haizeztatzeko eta hozteko lanak egin ostean, 13:30ak aldera, sua guztiz amatatzea lortu zuten.
Suhiltzaileekin batera, Ertzaintza, Bermeoko Udaltzaingoa, udaleko zerbitzu eta hirigintzako langileak, Herri Babesa eta eta Gurutze Gorrikoak ere bertaratu ziren gunera.
Sua piztearen arrazoiak oraindik argitzeke daudela azaldu dute Segurtasun Sailetik.
Hiru solairuko egurrezko eraikina da Bidebarrieta kalekoa, eta hango bizilagun guztiak irtenarazi zituzten. Guztira, zazpi etxebizitza daude eraikin horretan, baina horietatik bi izan dira suak kaltetutakoak. Lehenengo balorazio bat egin ostean, Bermeoko Udalaren arabera, sutea sortu zen lehenengo solairuko etxebizitzak ditu kalterik larrienak. «Gainontzeko eraikinak kalte puntualak ditu, baina orokorrean egitura ondo dagoela baloratu dute teknikoek». Hala ere, hango bizilagunak ezin izango dute euren etxebizitzetara bueltatu konponketa lanak egin arte.
12 lagun
Lau familia bizi ziren eraikinean, hamabi pertsona, hain zuzen ere, eta Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuko langileak euren egoera baloratzen ari direla esan du udalak, «laguntza eskaintzeko». Horrez gain, Jaurlaritzako Etxebizitza sailagaz eta aseguru etxeekin harremanetan jarri dela esan dute, «etxebizitza beharrizanei aurre egiteko». Atzo gauean etxebizitzetatik kanpo lo egin behar izan zuten kaltetuek.
Suhiltzaileen talde finkoa
Lehenengo minutuak oso garrantzitsuak izaten dira suaren kontra egiteko, eta Idurre Bideguren Bermeoko alkateak adierazi duenez, atzoko suteak «Bermeon suhiltzaile talde finko bat edukitzea ezinbestekoa dela» agerian utzi du, berriz ere. «Suhiltzaileek gutxi gorabehera 20 minutu behar izaten dituzte Bermeora heltzeko».
Aldundiari behin eta berriro luzatutako eskaera dela gogorarazi du alkateak. Azken eskaera iazko martxoan izan zen. Ekainean, berriz, aldundiaren ezetza jaso zuten. Atzoko sutea kontua hartuta, eskaria «aintzat hartzea» eskatu du.